Errege Egunean ospatu zituzten batzarrak Baztango herrietan, ordenantzek adierazten duten moduan, 2023/24 agintaldirako alkate juratuak eta alkatetza taldeak osatzeko asmoarekin. Abenduko hirugarren asteburuan aurkeztu zituzten dagoeneko zenbait alkategai eta oraingoan, Iruritan izan ezik, bertze herri guztietan izendatu dituzte alkateak.
Errege Egunean ospatutako batzarretan ebatzi zen moduan, Baztango hamar herrietan alkate berberek segituko dute lanean. Hain zuzen ere, Almandozen Pello Sarrateak jarraituko du, Amaiurren Ixabel Alemanek, Arizkunen Imanol Etxeberriak, Berroetan Carlos Garaikoetxeak, Elbeten Imanol Juanikotenak, Elizondon Aitor Bazterrikak, Gartzainen Fernando “Dani” Arraztoak, Lekarozen Ernesto Pratek, Oronoz-Mugairin Jorge Oteizak eta Zigan Joxean Etxeberriak. Azpimarratzekoa da Garaikoetxeak laugarren aldiz izanen dela alkate Berroetan eta Arraztoak bortzgarren aldiz Gartzainen.
Bertze lau herrietan alkate berriak izanen dituzte. Hala nola, Anizen Iñaki Zelaieta izanen da alkatea, Arrazoien Aritz Alunda, Azpilikuetan Juan Andres Azkarraga eta Erratzun Iñaki Sanzberro.
Honekin guztiarekin, Irurita da alkatea aukeratu ez duen herri bakarra. Orain arte alkatea izan den Pello Iriartek kargua uzteko nahia erakutsi du eta beraz, hilabete bateko epea izanen dute herritarrek alkategai berria aurkezteko. Ez bada horrela gertatzen, Joseba Otondo Batzar Nagusiko presidenteak batzar batera deituko ditu Iruritako herritarrak.