Martindozenea urrun duten hiriko eremu hortako 12-17 urtekoentzat erreferentziazko gune bilakatzeko xedea du gazteleku berriak.
Hirierditik aldendutako auzoa izanik, Martindozenea gaztelekua "sobera urrun" dute bertako 7.000 bizilagunek, eta Artiak biltzen dituenak ez ezik, Behobia-Azken Portuko gazteen zerbitzura ere egongo da. Hala, 12-17 urte bitarteko gazteek auzoan sozializatzeko zuten gabezia estaltzeko helburua du gazteleku berriak. Julio Caro Baroja plazan kokatua, asteartetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta ostiral eta larunbatetan 21:00ak arte.
Irungo Udaleko Gazteria arloak hiru begirale kontratatu ditu gazteleku berria dinamizatzeko, eta instalazioa erreferentziazkoa izan dadin, auzoari egokitutako jarduerak proposatuko dituzte. Aratz begiraleetako batek nabarmendu digunez, auzoa oso anitza da, eta hori kontuan hartuta lan egingo dute bertan.