Olinpiaden hirugarren aroak 400 parte-hartzaile baino gehiago bilduko ditu otsailetik ekainera

Antxeta Irratia 2023ko urt. 2a, 00:00

Hondarribiko komite olinpikoak aurreikusi baino erantzun azkarragoa izan du herri olinpiadak berreskuratzeko ahaleginak. 27 talde ariko dira lehian, eta auzolanean antolatutako bost asteburutan egingo dituzte probak. 

Hondarribiko Gazte Asanbladak (edo Mugiri elkarteak) herri olinpiaden hirugarren aroa antolatzea erabaki zuen udazken honetan. Eta bizpahiru hilabetez taldeak animatu nahian ibili ondotik, abenduaren 23an itxi zuten izena-emateko epea. Urko Iridoyk, komite olinpikoko kideak aitortu duenez, "uste baino tamaina handiagoa hartu du". Izan ere, 27 taldek eman dute izena, eta "beterano batzuk" topa daitezkeen arren, gehiengo bat herriko jende gaztea eta berriak osatzen dituzte taldeak.

Oraindik ere otsaileko azken asteburuan hasiko diren probak zehazteko prozesuan ari dira talde guztien artean, modu partehartzailean. Abenduaren 23an egindako bileran adostu zutenez, talde bakoitzak bi proba proposatzeko aukera izan du (bat fisikoa eta bestea ez fisikoa), eta urtarrilaren 3a bitartean bozkatuko dituzte gustukoenak aukeratzeko. Nolanahi ere, hasieran lau hitzordu finkatu zituzten, eta azkenik bost asteburutan egingo dituzte.

Aurtengoan ez da parodia gaualdirik egingo, baina dena ondo bidean, ekimena indartu eta parodia ez ezik, olinpiaden hirugarren aroko kantua ere sortzeko asmoa dute antolatzaileek.