(H)ilbeltzak Euskal Nobela Beltzaren Astea ospatuko du Urtarrilaren 23tik 29ra

Antxeta Irratia 2023ko urt. 2a, 00:00

Euskal Nobela Beltzaren Astea ospatuko dute bertze urte batez Baztanen. (H)ilbeltza ekimenak antolatuta, urtarrilaren 23tik 29ra eginen da eta egitarau zabala prestatu dute horretarako.

Urtarrilaren 23an, astelehenean, Suak erreko ez balu nobelaren aurkezpena eginen du Eneko Barberenak. Idazleak V. (H)ilbeltza beka irabazi zuen lan honekin eta orain, argitara emanen du ekitaldi batean. Arizkungo medikuaren etxean eginen dute hitzordua, 19:30ean.

Urtarrilaren 25ean berriz, Odol bearbaguea, agirtuco da eguna eurea solasaldia izanen da Joseba Sarrionandiarekin, Anizko Mendiarte elkartean 19.00etan. Ilbeltzaren 27an, Anjel Lertxundiren Kareletik filma eskainiko dute Irutitako Gizarte Bilgunean, 19:00etan.

Urtarrilaren 28a, larunbata, ekitaldiz betetako eguna izanen dute. Hasteko, mahai-ingurua eginen dute Zurian beltza. Literatur itzulpenak eta itzulpozak izenburupean. Garazi Arrula eta Garazi Ugalde izanen dira hizlariak eta Amaia Apalauzak gidatuko du. Elizondoko Arizkunenea Kultur etxean ospatuko dute, goizeko 11:00etan. Honen ondotik, 14:00etan, bazkaria eginen dute Erratzuko elkartean. Bertan parte hartzeko, txartelak ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidean lor daitezke. Arratsaldean, Erratzuko elkartean bertan, Amaiur bat urtero (Jon Alonso), Euskalia (Mikel Alvarez) eta Gaizka Ugaldek egindako Leonardo Sciasciaren Todo modo liburuaren itzulpena aurkeztuko dituzte. Azkenik, egunari bukaera emateko, susmagarrien gaua ospatuko dute Erratzun barrena.

Astea borobiltzeko, urtarrilaren 29an, Gorputz gorrituen solasa itzuli beltza eginen da Oronozko aparkalekuan goizeko 11:00etan, eta arratsaldean, 19:00etan, kontzertua eskainiko du Ruper Ordorikak Elizondoko Arizkunenea Kultur etxean.