Madrilgo Kongresuak onartutako lege berriari esker, Hondarribiko emakume saregileek 4 urte aurreratu ahalko dute erretiroa "lan bereziki nekagarria" dutelako. Baina lege zaharrarekin, saregile gizonek 8 urteko eskubidea zuten, arrantzaleen pareko.
Hondarribiko emakume sare konpontzaileek 4 urte aurreratu ahalko dute erretiroa. Espainiako Diputatuen Kongresuak ontzat eman du Arrantza Jasangarriaren eta Arrantza Ikerketaren Lege berria. Eta horren ondorioetako bat da, erretreta pentsioa jasotzeko gutxieneko adinaren koefizientea murriztuko zaiela. Senatuak berretsi beharko du honakoa, lege proiektuari beste zenbait ogibide gehitzeko emendakinak aurkeztuak izan direlako. Baina sare konpontzaileen lana, arrantzaleena bezala, "bereziki nekagarria" dela aitortu dutenez, ohiko langileak baino lehenago erretiroa hartzeko eskubidea onartu zaie.
Sektorearen aspaldiko aldarrikapena da. EAJk eta EH Bilduk galdeginda lortu dute Madrilen lege berrian hau sartzeko konpromisoa. Izan ere, saregileen sektorea feminizatua da Euskal Herrian, eta arrantzaleen sareak eskuz josteko lanaren tradizioak aitortza jaso badu ere, lan eskubideetan egoera bestelakoa da.
Gizon-emazte saregileen arrakala
Horren irudiko, lege berria dugu ere. Ines Susperregui eta Olga Kanpandegi Hondarribiko saregileekin hitzegin dugu. Eta legeak hobekuntza ekarriko diela onartzen dute, baina orain artean sare konpontzaile gizonek dagoeneko zituzten eskubideekin ez dituzte oraindik parezkatuko. Emakume saregile batek lan egindako 10 urte, 11 urte eta erdi gisa aintzat hartua izango den bitartean. Orain artean, gizon saregileek "lan berbera eginda baina gizon izanagatik" arrantzaleen baldintzak zituzten dagoeneko. Hau da, 5 urte lan eta 6 kontuan hartu.
Hondarribian 14 saregile dira. Denak emakumeak. Eta lan egindako orduak pagatzen zaizkie, kontratu finkorik gabe. Diotenez, belaunaldi gazte berririk ez dago lekukoa hartuko duenik. Egunotan gabonetako oporraldirik ez dute, otsaileko berdel eta antxua kanpainarako sareak prestatzen ari direlako burubelarri.