Lesakarrak Olentzeroren azken prestaketetan murgilduta daude

Antxeta Irratia 2022ko abe. 23a, 00:00

Zuriñe Erkiziak eta Ane Telletxeak euren taldean Olentzero nola egiten ari diren azaldu dute. Ferien bueltan hasten omen dira gaian pentsatzen eta abendu osoa ematen dute Olentzero eraikitzen. 

Olentzero Eguna bertan dugu eta Lesakako haur eta gazteek lehiaketan parte hartzeko azken prestaketak egiten ari dira egunotan. Zuriñe Erkizia eta Ane Telletxearen taldea ere hortan dabil. Egun handia da eurentzat abenduaren 24a eta egun osoko egitaraua prest dute Olentzeroren etorrera ospatzeko.

Ttiki-ttikitatik atera dira Zuriñe eta Ane Olentzero Eguneko lehiaketan kantatzen eta aurten ere 24 bat neska elkartu dira horretarako. Behin Lesakako Feriak bukatuta, Olentzero nola egingo duten pentsatzen jartzen direla erran dute eta abendu osoa ematen dutela horretan. Gero eta zailago egiten omen zaie Olentzero original bat eraikitzea, baina hala ere ilusioz lanean hasten dira ahalik eta politena sortzen. Kantak ere entseatzen dituzte eta aurten, hiru ahotsetan abestuko dutela jakinarazi dute.

Egun guztiko egitaraua prest dute Zuriñe eta Anen kuadrillakoek. Goizean gosaldu eta herritik barrena ibiliko dira euren Olentzerorekin. Lehiaketan parte hartuta, mahai baten bueltan bilduko dira lagun guztiak eta bazkaria eginen dute. Arratsaldean, irabazi edo galdu, kalejiran aterako dira eta euren familiarekin eginen duten afariarekin borobilduko dute eguna.

Erlazionatuak

Lesakarrak Olentzeroren azken prestaketetan murgilduta daude

Antxeta Irratia 2022 abe 23 Behe Bidasoa