Mendez mende bizirik irauten duen ohitura da Olentzerorena Lesakan. Ahoz ahoko testigantzek, baita zenbait idatzik ere, XIX. mende erdialdetik Olentzero Eguna herri honetan ospatzen dela diote. Egoitz Telletxea lesakarraren arabera, “honek erran nahi du aitzinarotik heldu den tradizioa dela”.
Abenduaren 24a, Olentzero Eguna, egun handia da Lesakan. Ehunka urte dira Olentzero herri honetan ospatzen dela, eta hagitz errotua den tradizioa da lesakarrentzat. Ospatzeko moduak aldatu badira ere, berezitasun aunitz dituen besta da.
Aunitzek diotenez, Olentzero Lesakan sortu zen mitoa da. Hau ziurtatu ezin badugu ere, ahoz ahoko testigantzetan eta zenbait idatzitan ageri den moduan, mendeetan barrena mantendu den ohitura da. Zehazki, XIX. mende erdialdetik ospatzen da Olentzero Eguna Lesakan eta Egoitz Telletxea lesakarraren arabera, “honek erran nahi du aitzinarotik heldu den tradizioa dela”.
Ospakizuna aldatzen joan bada ere, hagitz errotua dagoen ohitura da eta oraindik ere herritarrek bizirik mantentzen dutena. Hain zuzen ere, zenbait ekitaldi prestatzen dituzte Lesakan Olentzeroren etorrera ospatzeko. Goizetik hasten dira zahar eta gazteak herritik barrena pasiatzen eta eguerditan izaten dute eguneko ekitaldirik garrantzitsuena: Olentzero eta Jaiotza lehiaketa. Horretarako, taldeetan elkartu, eta Olentzeroak prestatzen dituzte, egurrezko plataforma baten gainean, tamaina errealeko Olentzeroak eraikitzen dituzte. Telletxeak aipatu duen bezala, “artelan handiak egiten dira, batzuetan benetako iturgintza lanak: zirkuitu itxi batekin erreka irudikatzen dute, txondorrak ere eraikitzen dituzte eta batzuetan, asto eta guzti atera dira lehiaketara”.
Olentzero bizkar gainean dutela, taldeek Olentzero kantak abesten dituzten epaimahai baten aitzinean. Kantu hauek ere bereziak dira Lesakan. Nahiz eta inguruko herrietan letra antzekoak kantatu, doinu desberdina dute eta ez dira bertze inon aditzen ahal. Jantziak, gaur egun anitzak baldin badira, Lesakatik kanpo ikusten ez diren osagarriak ere badituzte. Hain zuzen ere, mutilez janzten diren pertsonek bizkarlarrua eramaten dute eta hau ez da ohikoa Euskal Herriko bertze txokoetan.
Kanta, janzkera eta Olentzero bera epaituta, puntuazio handiena lortzen duen taldeak irabazten du Olentzero lehiaketa. Hauek, Lesakako Musika Bandarekin batera, kalejira egiten dute herrian barrena egindako lana erakusteko. Herri guztia biltzen da berriz ere kalejira ospatzeko eta honekin borobiltzen dute lesakarrek Olentzero Egun handia.