Oronoz-Mugairiko musikariak bere lehen bakarkako diska kaleratu du, Lehengo Lepotikan Burua izenburupean. Kantu bat grabatu nahi eta diska oso bat prestatu du Inziartek, artista aunitzekin elkarlanean eta estilo desberdinak jorratuz.
Olaia Inziartek, Oronoz-Mugairiko musikariak, orain dela aste batzuk kaleratu zuen bere lehen bakarkako lana. Lehengo Lepotikan Burua izenburua duen lanean bere bizipen aunitzekin egin du topo eta horiekiko dituen sentimenduak plazaratu nahi izan ditu bertan. Diskan entzuten ahal diren zenbait kanta terapia izan dira baztandarrarentzat eta, sormen honetan, bere burua libre utzi nahi izan duela ere erran du.
Hainbat urteetan idatziko kantuak zituen gordeta Olaia Inziartek, baina bereziki Zure Mina grabatzeko nahia zuen. Horretarako, estudio bat aurkitu eta orain bidelagun bilakatu diren Josu, Ander, Erik eta Joseba ere bildu zituen. Horretan zegoela, gordeta zituen bertze lanak atera eta diska bat sortzeko pentsamendua etorri zitzaion. Pentsatu eta egin. Baldintza aproposak betetzen zituen egoera aprobetxatu eta Lehengo Lepotikan Burua sortu du.
Artista desberdinekin aritu da elkarlanean Inziarte, hala nola, Olatz Salvador, Petti, Hofe, Joseba Tapia, Leire Berasaluze eta Kristina Aranzaberekin. Gainera, estilo desberdinak ere uztartu ditu diskan eta, zentzu horretan, “libre” sentitu nahi duelako egin duela aipatu du. Diskari izenburua ematen dion kantutik hasita, bere txakurrari eskainitako Lagun abestira bitarte doa Inziarteren lana. Tartean, bizipen asko daude, “ttikitako Olaiarekin lotura” bilatuz eta sentimendu aunitz askatzeko asmoz.
“Terapia modukoa izan da” diska sortzea baztandarraren hitzetan, eta bereziki hori sentitu du Zure Mina kantua grabatzerakoan. Bere familiako kideak ere ekarri ditu gogora zenbait abestietan eta hori ere lanaren izenburuan islatu da, Lehenago Lepotikan Burua, behin bere amatxik errandako erranairu bat delako. Hain zuzen ere hori izan da Inziarteren helburua diskarekin, “onartzea nondik heldu zaren eta nor zaren, eta gauzak izan diren moduan izan direla onartzea, aurrerapausuak emateko”.
Diska argitara ematearekin batera, ez zaio lana bukatu Olaia Inziarteri. Durangoko Azokan izan zen kantuak aurkezten eta dagoeneko kontzertuak ere eman ditu. Olatz Salvadorrekin izan da taula gainean, baita, Pettirekin batera, Hertzainak taldeak BEC-en eman zuen kontzertuan ere. Orain, Janus Lester izanen du bidelagun datozen hilabeteetan, elkarrekin emanen baituzte zenbait kontzertu Euskal Herriko txoko desberdinetan. Hain zuzen ere, gaur izanen dute lehen hitzordua Donostiako Dabadaba aretoan, iluntzeko 20:30ean. Sarrerak https://dabadabass.com/event/janus-lester-olaia-inziarte-2022-12-22-1104/register helbidean eskura daitezke.