Aurten frantses estatura sartu eta asilo eskaera egina zuten migratzaileen kanporatzeak nabarmen emendatu badira ere, migrazio politika lege proiektu berrian Frantziak 'KONTROLATU, DETENITU, KANPORATU' du agindu lerro garbia.
2022a migrazio politiken gogortze urtea izan dela salatu dute harrera eta laguntza lanetan diharduten eragileek. Mugetako polizia kontrolak eta eguneroko beroan itzulketak ez ezik, Hendaiako atxikitze zentrora eraman eta bertatik espulsio aginduak emendatu egin dira ere aurten asilo eskaera egina duten migranteen artean. Dublinatu gisa ezagunak direnen kopuruak gora egin du.
Dublineko protokoloak dio, migratzaileek Europara sartu diren estatuan egin beharra dutela asilo eskaera. Eta beraz, Irundik Ipar Euskal Herrira sartzen diren migratzaile guztiak kanporatzeko agindua du polizia frantsesak. Amaia Fontaing, Etorkinekin elkarteko kideak dioenez, "mugan ez ezik, hegoaldera itzuliak direla, frantses estatuan kontrolatuak izan eta asilo dossierra oraindik itxi gabe dutenak ere kanporatuak edo erretentzio zentroan atxikiak izan daitezke denak".
Mugen zorroztearekin euren bizia arriskuan jarriz Bidasoa ibaia zeharkatzen duten migranteak ere, ikusezinak bilakatu direla dio Irungo Harrera Sareak. Horren seinale da, askok laguntza ere ez dutela dagoeneko bilatzen. Irungo San Juan plazako harrera puntuan aurten 4.000 pertsona inguru lagundu dituzten bitartean, errealitatea haratago doa. Bidasoa trebeskatu eta Baionako Pausa zentrora heldu izan direnen kopurua 12.000 egiten baitu Etorkinekin elkartearen arabera. Hilabetero mila lagun inguru.
Politika arrazisten indartzeko legea
Baina 2023an frantses estatuaren migrazio politiken gogortze fase berri baten atarian gaudela ohartarazi dute. KONTROLATU, DETENITU, KANPORATU agindua jaso du prefetak joan den azaroan Darmanin barne ministroaren eskutik. Izan ere, urte berrian onartuko den migrazio politika lege proiektu berriak, asilo eskaera dossierra martxan duten migranteak ere kanporatzea aurreikusten du. Eta hau ahalbidetzeko, frantses estatuan gaur egun dauden, Hendaiakoa bezalako 1.800 erretentzio edo atxikitze zentroetatik 3.000ra iragango da 2024 urterako.
Neurri hauen kontra altxatzen hasi dira etorkinen eskubideen aldeko eragileak. Abenduaren 18an, Migratzaileen Eskubideen Nazioarteko Egunean 40 bat ekintza burutu zituzten frantses estatu osoan. Eta Ipar Euskal Herrian otsailaren 5ean mugetan hil direnen omenez ekitaldia antolatuko dute.