Baserrietara bisita eginen dute beratarrek urtea bukatzeko

Antxeta Irratia 2022ko abe. 21a, 00:00

Ohiturari jarraituz, abenduaren 31an, baserriz baserri ibiliko dira Beran koplan kantatzen. Orain dela 30 urte hasi zuen Berako kuadrila batek gaurgero ohitura bilakatu den ekitaldi hau. Aurten ere hitzordua egin dute baserriei buelta emateko eta 15:30etik hasiko dira bisitak egiten. Kataku ostatutik abiatu eta Illekueta, Suspela eta Dornaku auzoetan ibiliko dira etxez etxe kantuan. 20:00etan aurreikusi dute herrira buelta egitea. Herritar guztiak animatu nahi izan dituzte parte hartzera eta baserritarrez jantzita joateko deia ere egin dute. Ilunabarrean berriz, Diostesalve kantatuko dute herriko karriketan Gure Txokoa Elkarteko kideek ere.