218 greba egun ondotik, Hondarribiko udal bulego eta eskoletako garbitzaileak asteazken honetan lanera bueltatuko dira. Akordioak zerbitzu publikoen "azpikontrata eredua ezbaian" jarri duelakoan dago ELA sindikatua, eta aurrekaria markatuta, Euskal Herri osoko garbitzaileen ispilu izango dela.
Hondarribiko Udalak akordioa ostiralean iragarri bazuen ere, abenduaren 16ean ISS multinazionalarekin adostutako aurre-akordioa astelehen honetan berretsi eta onartu dute garbitzaileek urtebeteko borrokaren ondotik. Horrenbestez, asteazkenean lanera itzuliko dira grebaldi luze eta negoziaketa prozesu korapilatsu baten ondotik.
Urtarrilan hasi ziren mobilizatzen 2011an iraungitako lan hitzarmena berritzeko. 12 garbitzaileak, denak emakumeak, %22ko soldata arrakalarekin amaitzeko udaletxe aurrean mobilizatu ziren egunero udaberri hasieran, eta grebara jo zuten apirilaren 27an. ISS Facility Services multinazionalak ez zien negoziaketarako betarik ematen, eta uda osoan zehar mugimendurik eman gabe, irailaren 1ean eskola sartzearekin batera "greba mugagabera jotzeko beste erremediorik" ez zuten izan.
Hondarribiko Udalak segurtatu behar du eskola publikoetako garbiketa, baina horretarako kanpoko enpresa bati emana dio zerbitzua azpikontrata bidez. Eta Txomin Sagarzazu alkateak hastapenetik eskuhartzerik ez zuela azpimarratu bazuen ere, gerora bitartekaritza lanak egin zituen urriaren 28tik aurrera. Aurretik, ISS multinazionalari 1,2M€ko kontratua urtebete luzatuta.
ELA sindikatuak gogor salatu zuen udalaren jarrera orduan. Eta behin akordioa itxi dutela ere, "grebak iraun duen bitartean Udalak langileei entzungor egin, eta enpresak bere irabazien mesedetan" aritu direla oroitarazi du. Halere, ELAko Xabier Etxanizen arabera, "garaipen historikoa da garbitzaileen sektoreak lortu duena, azpikontrata eredua ere ezbaian jartzeraino, eta Euskal Herri osorako ispilu izango dena". Langileen "borroka eredugarria" izan den honetan, iraun ahal izateko sindikatuaren erresistentzia kutxa ezinbestekoa izan dela nabarmendu du ere. Grebalariek soldata arrakalarekin amaitu arte tinko eutsiko ziotela hitz eman zuten. Baita bete ere.
Azkenik, 218 greba egun ondotik, eta hasierako aldarrikapen asko bidean utzita izenpetu dute akordioa. Arantxa Amunarriz langileen ordezkariak oroitarazi duenez, "jarrerak hurbiltzeko asko utzi dugu alde batera, prozesu oso luzea eta gogorra, negargarria izan da, baina akordioa oso ona da, eta espero dugu jendeak ulertuko zuela norbere eskubideen alde borrokatzeak merezi duela".
11 hilabete eta 9 eguneko borroka eta 218 greba egunen eutsi eta gero, %22ko soldata arrakala ezabatzea; 2022-2026 eros-ahalmenik ez galtzea; enpresari hitzarmena aplikatzera behartzeko klausula; eta norbere gaietarako 2 egun lortu dituzte. Baina lan partzialtasuna eta ordezkoen lana, baita lan materialarekin ere borrokatzen jarraitu beharko dute.
Bestalde, lasaitu ederra hartu dute Hondarribiko Talaiako Satarka, Biteri eta Bordari, baita Loraitz haurreskola publikoetako mila ikasleek eta haien gurasoek. Irakasleen artean ere, osasun arazoak eman baitira zazpi hilabeteotan pilatutako zikinkeriaren ondorioz.