Baztango hamabi herriek hurrengo bi urteetarako alkateak aukeratu dituzte

Antxeta Irratia 2022ko abe. 20a, 00:00

Bederatzi herrietan hautagai berberek errepikatuko dute agintaldian eta Erratzun, Iruritan eta Lekarozen berriz, ez da inor aurkeztu hautagaitzarako.

Baztanen, 2023 eta 2024 urteetarako alkate berriak aukeratzeko prozesua abiatu zuten pasa den asteburuan. Batzarrak egin zituzten ortziraletik igandera eta horietan hamabi herrietako alkateak aukeratu zituzten.

Baztango hamabost herrietatik bederatzietan azken bi urteetako alkate berberek errepikatuko dute agintaldian. Almandozen Pello Sarratea izanen da berriz ere alkatea datozen bi urteotan, Amaiurren Ixabel Aleman, Arizkunen Imanol Etxeberria, Berroetan Carlos Garaikoetxea, Elbeten Imanol Juanikotena, Elizondon Aitor Bazterrika, Gartzainen Fernando “Dani” Arraztoa, Oronoz-Mugairin Jorge Oteiza eta Zigan Joxean Etxeberriak. Garaikoetxeak eta Arraztoak, gainera, laugarren eta bostgarren agintaldia izanen dute, hurrenez hurren, euren herrietako alkate bezala.

Bertze hiru herrietan alkate berriak izanen dituzte. Anizen Iñaki Zelaieta izanen da alkatea Kristina Fernandezen ordez, Arraiozen Aritz Alundak Joxelu Retegi ordezkatuko du eta Azpilikuetan Juan Andres Azakarraga izanen da Aitor Iturralderen lekukoa hartuko duena.

Azkenik, Erratzun, Iruritan eta Lekarozen ez da hautagairik aurkeztu eta orain arteko alkateek, Kaiet Itoizek, Pello Iriartek eta Ernesto Pratek, kargua uzteko nahia helarazi dute. Beraz, urtarrileko lehenengo igandean (urtarrilaren 1ean) batzarra egin beharko dute berriz ere herri hauetan, ea bertze hautagairik aurkezten den oraingoan.