Irungo Udalak jarrera aldatu ezean Olentzeroren Etorrerak ez duela luzaroan iraungo ohartarazi dute

Antxeta Irratia 2022ko abe. 16a, 00:00

Olentzero Irundik ez pasatzeko zorian egon da aurten. Abenduak 23ko ekitaldiaren talde eragileak "borondate falta" leporatu dio udalari. Antolaketa bileren atzerapenak batetik eta aurrekontu eskaxa bestetik, haien ustetan "agerikoa da euskal kultura ez dagoela agintarien lehentasunetan".

Irun Iruten desagertu zenetik zenbait euskal eragile arduratzen dira Olentzeroren Etorreraz Irunen. Besteren artean, Txorimaloak soinu taldea, Bidasoako Joaldunak, Betti Gotti euskara elkartea, EKT, Auntxa Trikitixa Eskola eta hainbat norbanako ere. Eta oposizioko udal taldeek ekimena indartu beharra dagoela aitortu badute ere, antolatzaileen ustetan "agerikoa da Olentzero eta euskal ohiturak mantentzea ez dela udal agintarien lehentasuna". Horren irudiko, aurten Erregeen Kabalgataren 30.000€ko partidaren aldean, Olentzerok 5.000 eskax dituela, hau emendatuko zitzaiela aipatu izan bazen ere.

Anartean gaur ekingo dio udalak "Betiko gabonak inoiz ez bezala" kanpaina eta programazio kulturalari. Gauzak zer diren, aurtengo eguberritako izotz pista sintetikoak eta txirrista jartzeko EXTRAICE S.L. enpresaren alde 324.000 + 68.040 BEZa aurrekontua onartu duela Udalak.

Dena dela, talde eragileak ez du konparaketarik egin nahi. Berea indartu baizik. "Udalak konpromisoa hartu zuen lehen urtetik ekitaldia indartzeko, hobeto janztea egiten dena eta arlo ekonomikoan ere eragiten du horrek", dio talde eragileko Joxeja Zabalok. Baina ez da hala izan. Eta 2023an laguntza apalduko zaiela iragarri diete gainera. "Aditzera eman digute udalaren diru sarrerak gutxituko direnez, krisiagatik, dirulaguntzetan eragina izango duela orohar, beraz, Olentzeroren Etorrerak ez du aurrera egiterik ahalbideratuko", kexu da.

Bestalde, aurtengo ekitaldia kolokan egondu da. "Uztailaz geroztik daramagu bilerak eskatzen, eta azaro hasieran hartu gaituzte, kolokan ere egondu da ekitaldia antolatzea erantzunen faltaren aurrean", dio Zabalok. Halere, aurten militantziari esker gordeko dute abenduaren 23ko usadioa. Baina haien ustetan, aurtengoa azkena izan daiteke, "nekez antolatu ahal izango delako berriz baldintza hauetan". Hortaz, udalak bere jarrera aldatzen ez badu, Olentzeroren Etorrerak Irunen ez du aurrera egingo.