Miren Etxebeste: `Denok adostutako Berdintasun Planetik alardearen gaia ezabatzen saiatu da alkatea, arbitrarioki eta eztabaida publikotik kanpo´

Antxeta Irratia 2022ko abe. 15a, 00:00

Elgarrekin Podemos-Ezker Anitza udal gobernu koalizioko taldeak salatu duenez, urtebeteko partaidetza prozesuaren emaitza den Irungo V. Udal Berdintasun Planetik alardearen elementua ezabatzeko agindua eman die alkateak teknikariei, "gardentasun, kontraste politiko eta teknikorik gabe".

Irungo Udalak Espainiako Berdintasun Ministerioaren saria jasoko du ostirala honetan genero indakeriaren alorrean egindako lana eta martxan dituen protokoloak "eredugarriak" direlako. Jose Antonio Santano alkateak nabarmendu duenez, "irundar oro harro egoteko modukoa da Irun hiria genero indarkeriaren kontrako lanetan eredugarri izanagatik". Ondo egindakoa kontuan hartuta, eta koalizio gobenrukideek brdintasun politiken irizpide orokorretan bat egiten dutela argitu badu ere, Elgarrekin Podemoseko Miren Etxebestek gogor salatu du alkateak alardearen eztabaida sahiesteko egunotan egindako azpijokoa.

Izan ere, Miren Etxebeste zinegotziak dioenez, V. Udal Berdintasun Planak alardearen gaia kontuan har ez dezan, "udal egitura eta prozeduretatik kanpo" udal teknikariei hau planetik ezabatzeko agindua eman zien joan den asteartean (abenduaren 13an). "Ate itxi eta ilun batetara eraman, eta bertan nahi dutena egin nahi izan dute, hau da, Alardearen gaia eztabaida publikotik ezabatu", dio Etxebestek. 2022ko urtarrilan hasi zen berdintasun plan berria osatzeko prozesu parte-hartzailea. Eta emakumeen elkarte, eragile feminista, auzo elkarte, eskola komunitate zein udal teknikarien adostasuna duen planak alardearen gatazka barnebiltzen zuen planaren dokumentua lortu zuten joan den urriaren 27ko berdintasun-mahaiaren azken saioan.

Alardean konponbidea sahiesteko interferentziak

Hortaz, Berdintasun Batzordetik haratago, edozein aldaketa egiteko udalbatza dagoela oroitarazi nahi izan dio alkateari, eta "kontraste tekniko eta politikorik egin gabe ezabatzea" ez dela bidea. Gobernu koalizioan daudenez geroztik halako jokamoldeetara ohitua badago ere. Berdintasun arloan "interferitzen du Alardearen gaia ateratzen den bakoitzean", dio Etxebestek. Horren irudiko, iaz 400 emakumeen artean indarkeria matxistari buruz egindako inkesta baten emaitzetan, Alardea aipatzen zelarik, txostena udalaren webgunetik kendu egin zutela, Etxebesteren arabera, alkateak ez duelako gaia eztabaida publikoan eman nahi. "Batzuk entzun nahi ez dutena esan behar izatea zaila da, bere alderdiaren baitan ere eztabaida dute alardearekin, eta horregatik ez du udalbatzara eraman nahi, azalpenak publikoki eman behar dituelako bertan, eta horregatik jokatzen du gardentasunik gabe, azpijokoetan plana aldatzeko", salatu du Berdintasun ordezkariak.

Zentzu honetan, arloko arduraduna den heinean, berekin partekatu gabe, eta EAJ zein PP oposizioko udal taldeekin adostuta Berdintasun Plan berriari 50 aldaketa egitea adostu izana leporatu dio Santanori. Halere, Berdintasun ordezkariak segurtatu duenez, alkatearen saiakera sahiestuz, aipatutako planaren txostena zegoen bezala igorri du Emakundera. Abenduaren 16 baita azken epea plana osatzeko prozesua diruzlagundua izan dadin justifikatzeko azken eguna. "Prozesua arauen arabera eraman da, eta alardearen puntua izan da teknikoki eta eragileekin adostutakoa", aldarrikatu du Etxebestek.

Horiek hala, alardearen aferan PSE-Elgarrekin Podemos gobernu koalizioaren baitan dauden desadostasunak ez ezik, kalapita politiko sakona ekarri du honek guztiak. Elgarrekin Podemoseko ordezkariak argitu duenez, alderdi sozialistak ez du gobernu koalizio denboran gaiaz hitzegin nahi izan urtebete honetan, eta alkateari "biltzeko eta hitzegiteko ausardia" eskatzen dio. Izan ere, Jose Antonio Santanok alardearen gatazka gainditzeko "borondate eskaxa" erakutsi duelakoan dago berriz ere, baina bereziki, "gardentasunik gabe, esparru publikotik kanpo, inolako azalpenik gabe, eragile sozialei hitza eman gabe eta bulego batean eta modu ilunean hartu dituelako erabakiak".