Olentzero Gaua berezia antolatu dute Biriatun, euskal usadio eta kultura indartu nahian

Antxeta Irratia 2022ko abe. 15a, 00:00

Kilika elkartearen Olentzero txotxongilo erraldoia buru dela, herriko eskola, abesbatza eta dantza elkarteen partehartzearekin, Olentzero Ibilaldia egingo dute herrian zehar ostiralean 20:30etatik aurrera. 

Betidanik ospatu da Olentzero Gaua Biriatun. Baina aurten gabonetako bestak Olentzeroren figuraren bueltan antolatu nahi izan ditu herriko etxeak. Kultura eta Hizkuntzarako hautetsiak, Ainhoa Zolezzik azaldu duenez, "pertsonaiari bere zentzua berreskuratzeko, eta euskal kulturari bultzada emateko asmoz" programazio berezia antolatu dute. Horrela, orain arte Baionan eta Miarritzen aritu izan den Kilika elkarteak, bere txotxongilo erraldoiak Biriatuko karriketara eramango ditu. Izan ere, heldu den urtetik aurrera, Iparralde mailan herriz-herri joango den "Korrikaren formatu antzeko Olentzeroren ibilaldia" antolatzeko proiektua dute eskuartean.

Aurten, aldiz, eskualdeko herri txikienean indar bat egingo dute. Biriatuko Ikastola eta eskola publikoko haurren emanaldiarekin hasiko da gaualdia 18:00etan. Eta ondotik, Gilles Riviereek idatziriko liburuan oinarritutako "Nire Olentzero" ikusgarria proposatuko dute Elkartea gelan. Euskaraz (18:45ean) eta frantsesez (19:45ean). Behin ikusgarriak finitutakoan, Baionako Kilika txotxongilo egileen Olentzero erraldoia sartuko da dantzan. Bidasoako Joaldunak, Akelarre edota Zarpai Banda bezalako elkarteek bat egingo dute 20:30ean hasiko den ordubeteko kalez-kaleko ibilaldian. Hala, musikariak, dantzariak, kantariak, joaldunak, zirko artistak eta nahi duen herritar orok izango du Olentzero Gaua animatzeko aukera. Ondoren, gaua borobiltzeko zintzur-bustitzea proposatuko dute ikastolako gurasoek.