Garbiketa greba sobera luzatzen ari delakoan, eta “azken ardura udalarena dela ahaztu gabe”, gurasoek akordioa lortzeko gatazkaren hiru parteak interpelatu dituzte “jokoan dagoen haurren osasunarekin” kezkaturik.
Hondarribiko udal bulego eta eskoletako garbitzaileen grebak 208 egun (lan egun) bete dituen honetan, hedabideen ikusmiratik kanpo ari dira garatzen negoziaketak ISS Facility Services multinazionala, ELA sindikatua, Hondarribiko Udala eta Eusko Jaurlaritzako Lan Delegaritzaren bitartekaritza tarteko. Hala izan da urriaren 28az geroztik, eta “akordiotik hurbil” daudela, baina zenbait puntuk lan hitzarmen berria izenpetzea blokatzen dutela jakinarazi dute behin eta berriz (IKUS abenduaren 7ko berria: Talaiako gurasoek garbitzaileen gatazka «bai ala bai» gabonetako oporren aurretik argitu nahi dute : Antxetamedia).
Halere, litekeena da negoziaketa bere azken egunetan izatea. Horixe bera igurikatzen dute Talaia guraso elkartean, eta helburu horrekin presio ematea erabaki zuten joan den astean, langileekin bildu eta gero, egindako gurasoen asanbladan. Gabonetako oporrak baino lehen lan gatazkari amaiera jar ditzaten nahi dute, “bai ala bai eta behingoz, denbora sobera pasa delako”. Julen Luzuriaga, Talaia Guraso Elkarteko kideak salatu duenez, “benetako negoziaketak azken hilabete honetan hasi dira”. Gatazka 2022ko urtarrilan eta greba mugimendua apirilan hasi bazen ere, orain artean pazientzia aski izan dutelakoan dago. Eta negoziaketak bere bidea egin zezan, azken hilabetean Talaiako guraso elkarteak perfil apalago bat erakutsi badu ere, “berriz ere mugitzen hastea” erabaki dute, gabonetako oporrak baino lehen garbitzaileen lan gatazkari amaiera jar diezaioten.
Zikinkeria eta osasun arazoak pilatzen
Hondarribiko Udala, ISS enpresa eta grebalariak interpelatu dituzte akordioa "behingoz" itxi dezaten. "Ahaztu gabe azken ardura udalarena dela, eta zerbitzua emateko pentsatu beharko duela zein eredu duen eskolak garbitzen direla bermatzeko", dio Julen Luzuriagak. Baina une honetara iritsita, udako oporretan gertatu zena gogoan dute, eta gabonetako oporretara gauzak konpondu gabe joatea eta urtarrilan dena berdin jarraitzeko arriskuarekin kezka adierazi dute. "Ez dugu imaginatu nahi oporretatik bueltan, gatazka bere horretan segituko duenik, ez zaigu buruan sartzen", dio Luzuriagak.
Izan ere, Talaiako Lehen Hezkuntzan ari diren ikasleak eskolara joatera behartuak daude, derrigorrezko hezkuntza izaki. Baina “arnas-aparatuko gaixotasunak eta osasun arazoak” dituztela salatzen dute, eta urriaren 27an Eusko Jaurlaritzak agindutako garbiketa egin zenez geroztik, sei aste iragan direnez, udazkeneko eguraldi txarrarekin zikinkeria pilatu da berriz ere. “Egoera hau ez da normala, haurrek normalizatzera iritsi badira ere, pandemiarekin bezala denetara egokitzen direlako, baina gurasoak oso kezkatuak gaude honelk sorrarazten dituen osasun arazoekin”, dio guraso elkarteko kideak.
Puntu honetara iritsita, dagoeneko ez dute batzuen eta besteen arrazoiak baloratu nahi ere. Aitortuta ere ongi dakitela hilabeteotan guztiotan negoziaketa eta gatazka nola eraman den. “Irakasleei pedagogia egitea eskatu diegu, zentzu horretan, gauza txar guztien gainetik ikaskizunik ere baduelako honek; gatazkaren zergatia eta eskubideak lantzea, genero arrakala edota lan baldintzak zer diren ikas dezaten, edo manifestazioa egin genuenean ere, haur gehienentzat lemixikoa zen”, dio Luzuriagak. Baina egunerokoan baldintza duinetan ikasi ahal izateko, eskola garbia nahi dute.