Larunbata honetan (abenduak 17an) haur eta familientzako animazio desberdinak proposatuko dituzte “konpainia berriaren proiektua aurrera doala ikustarazteko”, eta ekonomikoki laguntzeko.
Duela zenbait aste bere burua aurkeztu ondotik, 2023ko Alarde Publikoaren 13. konpainia izango den San Miguelekoak urratsak ematen doa. Bi hilabeteotan jende gehiago batu zaio egitasmora, eta konpainia berriko kidea den Iosu Bayo Sanmartinek iragarri duenez, aurki Alarde Publikoko Juntarekin bilera egingo dute desfilatzeko baimena aztertzeko. “Ateak zabalik topatu ditugu bai juntaren partetik, baita auzoan jaso dugun babesaren aldetik ere”, nabarmendu du. Izan ere, joan den udan konpainia berria eratzeko erronka bota zutenetik, alarde parekidean desfilatzeko grina adierazi dieten auzotar ugari batu dira. Haien asmoa "inor atzean utzi gabe, denok elkarrekin batera alardean desfilatzea" da.
Hala, sekulan desfilatu ez duen jendea, alarde parekidean aritutakoak eta alarde tradizional baztertzailean auzoko konpainian ibilitakoak, konpainia berrian desfilatzeko ilusioz ari dira lanean ekainaren 30ean San Miguel konpainia errealitate bilaka dadin. “Esfortzu handia dago konpainia baten sorreraren atzetik, eta urrats asko eman beharko ditugu oraindik, baita sustengu ekonomikoa bilatu ere”, dio Bayo Sanmartinek. Izan ere, ekonomikoki autogestionatua beharko du. Eta horretarako, abenduaren 17an goizeko 10:30etik aurrera haur eta familientzako jarduera programa antolatu dute Pinudi auzuneko Antzaran plazan. “Antolatutako ekimenekin auzoa biziberritu, gure egitasmoa gizarteratu, eta bide batez, proiektua ekonomikoki sustengatzeko helburu dugu”, azpimarratu du konpainiako kideak Antxeta Irratian egindako elkarrizketan.
San Miguel konpainia berriarekin bat egin nahi duen orok, sanmiguelkonpainia@gmail.com posta elektronikoaren bitartez jar daiteke haiekin harremanetan, baita Facebook eta Instagram sare sozialetan ere.