Abenduaren 16ean (19:00ean) Urruñako Pausun "musa eta euskarari buruz" XIV. aldiz Euskal Herriko 5.000 jokalari batuko dituen txapelketari ekingo diote.
Euskal Herriko mus txapelketa abiatzearekin batera, lehen kanporaketak izanen ditugu Euskal Herriko herri desberdinetan. XIV. edizioa ospatuko da aurten, eta final handia martxoaren 25an izanen da. Iaz Baigorrin ospatu ondotik, oraingoan Bizkaiko Zornotzako herrian jokatuko da. Txapelketa hiru fasetan iraganen da: lehenik herri mailako kanporaketa hemendik goiti eta otsailaren 26a bitartean. Bigarrenik, sailkatuak direnak probintzia mailako kanporaketa jokatuko dute martxoaren hastapenean, eta azkenik, finala nazionala Zornotzan. Gerard Urrutiak, Euskal Herriko Mus Federazioko kideak azaldu digunez, "Euskal Herria musari buruz ere batu zitekeela sinetsita" hasi ziren antolatzen, "musa eta euskararen bitartez". Eta urteen poderioz indartzen joan den ekimena izanik, gaur egun 2.500 bikote elkartzen dira urtero. "Haien artean zahar-zaharrak eta gazte-gazteak ere bai, neska-mutilak badira, Euskal Herriko gizartearen irudiko", nabarmentzen du Urrutiak.
Lapurdin, lehen kanporaketa bat antolatua izan da, Urruñako Xaia ostatuan. Abenduaren 16ean, ostiral honetan izanen da arratsaldeko 19.30an. Baina Lapurdiko beste 50 bat gunetan ere jokatuko dira, lurraldeko finala martxoaren 11n Xaia ostatuan bertan jokatuko dutelarik ere.
www.ehmus.eus atarian daude xehetasun guztiak, baita norbere herrian kanporaketa antolatzeko informazioa ere. Bikote bakotsak 20 euroko izen-ematea ordaindu behar du. Izan ere, sariak garrantzitsuak dira. Euskal Herriko txapeldunentzat 3.000 euro eta lau lagunentzako bidaia, bigarren sailkatuentzat 1.500 euro, 750 euro hirugarrenak eta lurraldeetako finaletan ere saria andana bat banatuko dituzte.