Gabonetako oporraldietan haur eta familiek ondo pasatuz ikasteko programazioa antolatu du Oiasso Erromatar Museoak. Ohiko tailerrekin batera, historia, umorea eta antzerkia uztartuko dute.
Ikastea ez du zergatik aspergarria izan behar. Oiasso Erromatar Museoko hezkuntza sailak prestatutako material pedagogikoa, tailerren bitartez, urteak daramatzate 6 urtetik gorako haur eta gazteentzako jarduerak eskaintzen. Eta gabonetako opor garaietarako aparteko aisialdi programa antolatu dute. Museoko zuzendariak, Juanjo Jimenezek aurreratu duenez, aurtengo nobedade nagusia antzerki tailerrak izango dira. Abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 4ra haurrei zuzendutako tailerra eskainiko du (32 euroan astea) Nerea Arriola aktore eta clown ezagunak. Eta bere eskutik ere, familientzako antzerki-bakarrizketa ikusgarria izango da abenduaren 22an eta urtarrilaren 4an “Zertara jolasten zuten Oiassoko neska-mutilek duela 2.000 urte?” izenburupean.
Gainerakoan, mosaiko erromatarrak egiteko teknika ezagutzeko tailerra (abenduak 27an eta urtarrilaren 3an), Arkeolab arkeologia laborategia (abenduaren 29an eta urtarrilaren 5ean), Erroma eta Zinea tailerra (abenduak 28an eta urtarrilaren 4an) eta OiasSortu pintura lehiaketa ere antolatzen dute, familiei zuzenduta. Abenduaren 30ean eta urtarrilaren 7an, museoa 2 eurotan bisitatu eta gustokoen duzuten pieza margotzeko deia luzatzen dute.
Bestalde, gabonetan ohiko erakusketa eta museoko eskaintza mantenduko dute.