Berako Udalak antolatuta, idazlearen jaiotza ospatzeko, Pio Baroja, el hombre que vino del mar liburua aurkeztuko dute eta Pio Barojaren interpretazio artistikoa ere eginen dute.
Berako Udalak antolatuta, bi ekitaldi eginen dira Beran datozen egunotan Pio Baroja idazlearen jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko. Alde batetik, abenduaren 14ean, Pio Baroja, el hombre que vino del mar liburuaren aurkezpena eginen da herriko liburutegian, arratsaldeko 18:00etan.
Bertze aldetik, abenduaren 16, 17 eta 20an Pio Barojaren interpretazio artistikoa ere eginen da, Larraitz Ugartemendia irakaslearen proiektua izanen dena. Ugartemendia Irungo Pio Baroja instituto irakaslea da eta bertan hasi zuen lanari bukaera emanen dio ekitaldi honetan. Hain zuzen ere, irakasleak lona batean argazki muntaiak eta margoak batuko ditu eginen duen tailerrean, gero Beralandetan ikusgai paratuko dutena. Lan honetan orain dela 150 urteko Pio Barojaren irudia jarriko dute txuribeltzean, eta horren gainetik, pinturarekin, gaur egungo ikuspegi artistikoa emanen diote idazleari, lehengo eta oraingo Barojaren ikuspegia uztartuz.
Abenduaren 16an irakaslea bere ikasleekin arituko da irudiarekin lanean eta 17an berriz, nahi duen guztia gerturatu ahal izanen da tailerrean parte hartzera. Bigarren saio hau goizeko 10:30etik 13:30era eginen da. Abenduaren 20an, azkenik, lanaren aurkezpena eginen da performance baten bidez, musika eta idatziak bateratuko dituena.