Mairu Antzerki taldeak Intxaurra obra taularatuko du larunbat honetan, abenduaren 10ean, lesakako Harriondoa kultur etxean, Keinu Leihoak zikloaren barrenean. Emanaldia arratsaldeko 19:00etan izanen da eta sarrerak 6 euroko kostua izanen du.
Dagoeneko Mairuk estreinatu du obra hau, Arnasa Gara egitasmoaren Arnasgunean beka irabazi duen lana hain zuzen ere. Pasa den azaroaren 18an eman zuten lehen aldiz Azpeitian, bertako Dinamoa Sormen Gunean ekoitzi baitute antzerkia Gaizka Sarasolak eta Manex Fuschek. Orain, bira egiten ari dira UEMAko kide diren herrietan, eta Iruritan (abenduaren 3an), Markina-Xemeinen (abenduaren 4ean) eta Abaltzisketan (gaur) egon ondotik, Lesakan eskainiko dute larunbatean.
Keinu Leihoak zikloak, gainera, bukaera izanen du datorren abenduaren 17an. Orduan, arratsaldeko 19:00etan, Metrokoadroka antzerki taldearen Zeozertan dabil baina ez dakit zertan obra emanen du Harriondoa kultur etxean. Antzerkia ikusteko sarrera ere 6 euroko balioa izanen du.