Talaiako gurasoek garbitzaileen gatazka «bai ala bai» gabonetako oporren aurretik argitu nahi dute

Antxeta Irratia 2022ko abe. 7a, 00:00

Joan den astelehenean grebalariekin bildu ziren egoera zein den argitzeko. "Seme-alaben osasuna eta eskubideak gainerako guztien gainetik" daudela ulertuta, langileei eta enpresari akordioa "behingoz" ixteko exijitu diete.  

Urriaren 28az geroztik Hondarribiko udal bulego eta eskoletako garbitzaileen eta ISS Facility Services enpresaren arteko negoziaketa "akordiotik gertu" baina blokeo egoeran aurkitzen da. Hau ikusirik, Talaia eskolako zuzendaritzak bilera egiteko eskaera luzatu zien grebalariei. Egoera zein den argitu nahi zuten gurasoek, eta enpresak "negoziatzen jarraitzeko greba bertan behera uzteko" eskatu dien bitartean, grebalariek argi dute ez dutela ia urtebete borrokatu "hitzarmen duin bat segurtatu gabe hondartza bazterrean itotzeko". Batzuen eta besteen jarrerak bere horretan daramate azken bost asteetan, negoziaketa isilean eramaten ari bada ere.

Hala, ELA sindikatuak eta langileek egoeraren berri gurasoei zuzenean eman eta gero, Talaiako Guraso Elkarteak azken presio kolpea ematea erabaki du. Karol Sainz De Bikuñak azaldu duenez, "bai ala bai eguberriak baino lehen argitu behar da behin betiko egoera". Eta helburu horrekin Udalak "bi parteei" presio eman diezaien bultzatzeko alkateari azken bilera eskatu diote. Anartean, Talaiako 1.000 ikasleek eskutitz bana idatziko dute udaletxera bidaltzeko, gatazkaren amaiera eskatuz, eta herri osoa paskinez beteko dute.

Haurrak eskolara joatera behartuak

Izan ere, urria bukaeran Eusko Jaurlaritzak agindutako desinfekzio orokorra egin zenetik hilabete eta erdi iragan da, eta zikinkeriak pilatzen jarraitu duenez "egoera lehen baino okerragoa" dela nabarmendu dute. Zentzu honetan, gurasoek oroitarazi dute LHko ikasleentzat eskolara joatea derrigorrezkoa dela. "Irakasle eta langileek greba ez ezik, baja hartzeko eskubidea dute eta etxean geratu, baina ikasleek ez dute inolako eskubiderik, eta grebaren biktima nagusiak dira", dio guraso honek. Derrigorrezko Hezkuntza den heinean, eskolaren egoerak osasun arazoak eragiten ari baditu ere, ezin dute eskolara ez joatea erabaki.

Hau dela eta, greba eskubidea eta langile grebalarien egoera aintzat hartzen badute ere, Talaia guraso elkarteak ezin du dagoeneko "inorren jarrera babestu". Eta "seme-alaben eskubideak gainerako guztien gainetik" daudela ulertuta, lan-gatazkari aterabidea bilatzeko exijitu diete bai enpresari, bai grebalariei ere.