Azken mende laurdenean udaletik bultzatu den "herri-eredua eta etxebizitza politikak" gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiak "egoera kezkagarrian uzten dituela" diote. Hau aldatzeko herritarren partehartzea bultzatu nahi dute HAPOaren proiektuan.
Abotsanitzek azaroaren 9an etxebizitzaren inguruko bilera irekia antolatu zuen Kultur Etxean. Eta bertan zabaldutako informazioa bere webgunera igo berri du (https://abotsanitz.eus/etxebizitza-bat-eskuratzeko-zailtasunei-ekiteko-momentua-d). Izan ere, aurrerantzean ere 'Hondarribian Bizi Nahi Dugu' kanpainaren lanketari jarraipena emateko asmotan dabil Abotsanitz.
Hiringintza Antolamendu Plan Orokorraren (HAPO) egungo erredakzioak etxebizitzaren inguruan jasotzen duen informazioa herritarrekin partekatu nahi dute. Bereziki, "orain delako momentua herritarrek parte hartu eta etxebizitza politiketan eskuhartzeko", dio Estitxu Urtizbereak, Abotsanitzeko hautetsiak. Diotenez, Hondarribiko herri ereduak eta zehazki etxebizitza politika honek egoera kezkagarrian uzten ditu gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiak. Eta beraz, hurrengo hamarkadetako hirigintza eta etxegintza baldintzatuko duten plana izaki "jendeak jakin beharra du hau aldatzeko aukera duela".
Etxebizitza pribatua lehenetsi da urteotan
Abotsanitzek plazaratutako datuen arabera, 1996ko HAPOaren arau subsidiarioetan zehaztutako plangintzaren arabera, herrian 1.354 etxebizitza publiko eta 921 pribatu eraiki behar ziren. Baina errealitateak dio azken 25 urteotan 527 etxe publiko (Babes Ofiziala eta tasatuak barne) besterik ez direla eraiki, arlo pribatuak 2.135 etxebizitzekin loraldia bizi izan duen bitartean. Hau da, ia %60a beharko luke publikoa izan legearen arabera, baina %20ra ere ez da iritsi.
Honi, errenta pertsonal osoaren eta 18 urtetik gorako gazteen errentaren arteko aldea 26.000 eurokoa dela gehitzen zaio, eta merkatuaren neurririk gabeko garestitzea. Gaur egun etxebizitza pribatuan metro koadroa 3.841 eurotan da batezbestekoa salmentan, eta alokairuan hilero 12 euro/m2.