Arrantzale Auzoan abenduaren 8tik 11ra ospatuko den Hondarribikoa XXVIII. Euskal Liburu eta Diska Azokaren atarian omendu dute irakasle, idazle eta ikerlari lezotarra.
Hondarribiko 28. Euskal Liburu eta Diska Azokaren aurkezpenean, urtero egin ohi duten legez, idazle edo egile bati 'Hondarribia Saria' (Erreginaren Baluartearen ikurra) eman diote aurten Patri Urkizu Sarasola lezotarrari. Bertsolaritzan eta antzerkigintzan egindako ekarpen handiaz gain, eleberriak eta saiakerak ere idatzi izan ditu. Irakaskuntzan egindako ekarpenaz gain, Euskal Idazleen Elkartearen presidente izan zen 1989-1997 urteetan. Eta horrez gain, Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura saileko zuzendaria izan zen ere. Gaur egun euskaltzain urgazlea da. Eta gaur bertan jakinarazi duenez, argitaratugabeko 24 obra bere webgunean www.patriurkizu.eus ere pdf formatoan irakurgai dituzue. Saria esker onez hartu du Urkizuk, baina bere ibilbide luzean zehar izandako hainbat "bidelagun eta bultzatzaile" gogoan izan ditu ere.
Udal Areto Nagusian bertan bildu dira haietako batzuk Ramon Saizarbitoria edota Patxi Intxaurrandieta bezala. Baina bera gaztea zeneko garaietan Koldo Mitxelena edota Azkuek bere hastapenetan izan zuten garrantzia ere nabarmendu nahi izan du.
Liburu eta Disko Azoka Arrantzale Auzoan
Bestalde, abenduaren 8tik 11ra bitartean Hondarribiko 28. Euskal Liburu eta Diska Azoka ospatuko dute Arrantzale Auzoan. Hondarribiko Udalak eta Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak antolatuta, 'Kultura Trena' herriz-herri antolatzen duten azoka, normalean Durangoko Azoka behin bukatutakoan egin ohi da. Aurten, aldiz, batzordeko azoken koordinatzaileak, Asier Muniategik aipatu duenez kasualidadea izan da aldi berean ospatuko direla Durangokoa eta Hondarribikoa. Eta Arrantzale Auzokoa xumeagoa bada ere, "euskal ekoizpenen nobedade nagusiak jasoko ditu, Durangon ez bezala %10eko beherapenarekin". Azoka zabalik egongo da egunero 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etik 20:30era, eta aukera haundia aurki daiteke euskal literatura eta diskagintzan.