Ekitaldiz betetako Kultur Astea antolatu dute Igantzin, tartean bakarrizketak, solasaldiak, lehiaketak, dokumentalak, zinemak, dantza eta tailerrak ospatuko direlarik.
Igantzin Kultur Astea ospatzeko prest daude. Gaurtik, abenduaren 6tik, 11ra bitarte eginen dira kultur egunak eta egitarau oparoa prestatu dute horretarako herriko herritar eta eragileek, tartean Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Igantziko Udalak, Igantziko Biltokik, Biltoki Ttikik, Igantziko Eskolak, Baratzondo Jubilatuen Elkarteak eta Igantziko Dantza Taldeak.
Gaur, abenduaren 6an, hasiko dira ekitaldiak eta hain zuzen ere Luze edo motz emanaldiarekin emanen diote hasiera Kultur Asteari. Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenak eskainiko dute binakako bakarrizketa umoretsu hau Baratzondon, arratsaldeko 18:30ean.
Bihar, asteazkenean, Etxe-izenen nondik norakoak Igantziko adibideak izenburupean, solasaldia eskainiko du Andres Iñigo euskaltzainak. Bertan, Igantziko etxeen izenen zergatia eta aldaketak azalduko ditu Eskolzarren, 19:00etan.
Abenduaren 8an berriz, goiz eta arratsaldez izanen dituzte herrian ekitaldiak. 11:00etan patata tortilla txapelketa ospatuko dute frontoian eta ondotik, pintxopotea eginen dute. Txapelketan parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena eta osagaiak eta sua eurek eraman beharko dute. Arratsaldean, 16:30etik aitzinera, haurrentzako gozo tailerra eginen dute eta horrekin, berendua ospatuko dute gero Biltokin.
Ortziralean, abenduaren 9an, ginkana eginen dute frontoitik hasita herrian barrena. 16:30ean hasiko da eta bi txandatan eginen dute, 6 eta 10 urte bitarteko haurrek batetik, eta 11 eta 13 urte artekoek bertzetik. 19:00etan berriz, Urak aske dokumentala emanen dute Baratzondon.
Abenduaren 10ean, zinema izanen dute Igantzin. 16:30ean 3-6 urte bitartekoek izanen dute pelikula ikusteko aukera, eta 17:30ean berriz, 7 urtetik gorakoen txanda izanen da. Gainera, bertaratzen direnek krispetak jateko aukera izanen dutela jakinarazi dute.
Azkenik, Kultur Asteari bukaera emateko, abenduaren 11an herriko dantzariek emanaldia eskainiko dute goizeko 11:30etik aitzinera. Plazan egin beharrean, aurten herrian barrena ibiliko da taldea erakustaldia egiten. Arratsaldean berriz, 16:30ean, Gure liburuak eraikitzen izeneko haurrentzako ipuin tailerra eskainiko du Trini Mikelarenak gimnasioan. Ordu berean, mus eta partxis lehiaketa ere ospatuko da Baratzondon eta bertan parte hartu nahi duten bikoteek 10 euro oraindu beharko dute. Azken bi ekitaldi hauekin bukaera emanen zaio Igantziko Kultur Asteari.