Jaiotzen Ibilbideari esker, Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteko artisauek urte osoan zehar prestatutako jaiotza maketa handiak ikusgai egongo dira urtarrilaren 8a bitartean Hondarribiko 14 establezimendutan.
Ttopara Kultur elkarteak jaiotzen edo naximenduen usadio zaharra eta balio artistikoa miresteko aukera ematen du hirugarren urtez Hondarribian. Gipuzkoako Belenzaleen Elkartearekin lankidetzan Jaiotzen Ibilbidea antolatu du herriko 14 gune debserdinetan. Floren Portuk, Ttopara elkarteko kideak azaldu digunez, haien helburua "galtzorian dagoen usadio zahar hau berreskuratzea eta jendea herriko komertzioetara hurbiltzeko deia egitea" izan dute hastapenetik. Bi helburu hauek bat eginik, urtarrilaren 8ra bitartean, Mendelu, Alde Zaharra eta Portua auzoko 14 tokitan ikusi ahal izango dira belenzale artisauek urte osoan zehar egindako jaiotza desberdinak.
Jaiotzek berez duten konnotazio erlijiosoaz haratago, duten balio kulturala, historikoa eta artistikoa nabarmendu nahi dute, eta kapitalismoaren gurpilak agindutako gabonetako ikur komertzial eta globalizatuen aurrean, "garai baten etxe guzietan izaten zen usadio zahar hortaz haurrek eta familiek gozatu ahal izatea".
Honako lekuetan ezarri dituzte erakustokiak: HEME Shop, Menina, Alde Zaharreko Parrokia, Paradorea, Arma Plaza Zentroa, Leiza, Pascua, Nola, Malentxo, Mar, Papykop, Alzaga eta Federopticos. Bestalde, Betharrameko elizak aparteko jaiotza bat prestatzen ari da, baina antolaketa konplexua duenez, abenduaren 18tik aurrera egongo da ikusgai.