Txokolatearen arkeologia egiten ari dira 'Bidasoa Gaineko Zubia' eraikitzen jarraitzeko

Antxeta Irratia 2022ko abe. 5a, 00:00

Urruñako 'Loraldiberri' azokaren liburu eta diskoen artean txokolate beroa dastatzeko aukera izan da ere. Txokolateak Euskal Herrian duen historia ezagutzeko hitzordua antolatu zuten bertan, 'Bidasoa Gaineko Zubia' izeneko egitasmoaren baitan. 

Horretan aritu dira azken urte honetan Maitena Urmeneta, Urkiri Salaberria eta Rafa Gorrotxategi. "Gure historian txokolateak uste baino garrantzia handiagoa izan du", diote, "lehen herri txiki guztietan txokolategilea bazegoen, okina bezala, beraz hori amankomunean dugu".

Baiona edo Irun bezalako hirietan txokolateak sustrai sakonak dituenik ezin da ukatu. Baina haietan bezala, XIX. mendean Donostian edo Iruñean ere txokolategile anitz zegoen. Urruñan ere halako bost izan ziren garai batean. Eta beraz, Euskal Herria batzeko balio izan zuen txokolateak. Horren berri ematen duen liburua idatzi du Rafa Gorrotxategi txokolategile tolosarrak, txokolatearen historia horri buruz gutxi dakigulako gaur egun, "galdu egin delako, baina txokolatearen arkeologia" egiten ari dira hura berreskuratzeko. "Iragana-etorkizuna, Hegoalde-Iparralde" lotzen ari dira horrela. Eta aurrerantzean haien asmoa da, zubilan hori txokolatearekin bezala, beste batzuekin ere Bidasoa Gaineko Zubia eraikitzen jarraitzea. Zentzu honetan, etorkizuneko elikagaiak aztertuko dituzte abenduaren 16ean Irungo Gordailu zentroan.