Justizia soziala eta zerbitzuak auzoetara hurbiltzearekin batera, euskararen erabileran, kirol azpiegituretan eta Alardean aurrerapausoak eskatuko dizkio EH Bilduk gobernuari.
Irungo udal gobernuak 2023ko udal aurrekontu proiektua abenduaren 1ean Oiasso Museoan jendaurrean aurkeztu ondotik, oposizioko udal talde politikoekin negoziaketak hasiko ditu aste honetan bertan. Hala, EAJ alderdiak bere hiru ardatz nagusiak zeintzuk izango diren joan den astean iragarri eta gero, EH Bilduk jakinarazi ditu bereak. Agintaldi honetan bereziki etxebizitza sozialaren alorrean udal gobernuarekin konpromiso esanguratsuak itxi eta gero, oraingo honetan hainbat esparrutako profesionalekin landu eta Irungo elkarte zein eragileekin bilerak egin ondoren, 5 zutabe nagusitan indar bat egingo dutela iragarri digu Oihana Brionesek, EH Bilduko Irungo bozeramaleak.
Haien artean, energia eta jasangarritasunak berebiziko garrantzia izango du, mugikortasun planak ekarriko dituen eraldaketak batetik, eta bestetik, bizi dugun krisi energetikoa dela medio. Justizia soziala, udal zerbitzuak auzoetan eskaintzea eta kirol azpiegituretan ez ezik, kirola bera "euskararen erabilera zein berdintasuna areagotzeko tresna" ere izan daitekeela sinetsita dago koalizio abertzalea. "Hainbat kirol klubekin eta eskoletako guraso elkarteekin ikusi dugu, bi alor horietan formakuntza falta zaiela begiraleei, eta gehiago egin daitekeela", dio Brionesek.
Bestalde, Alardearen aferari heltzeko garaia dela pentsatzen dute. Eta aurrekontuen negoziazioan ere, gobernua estutuko dute gai horren inguruan urratsak eman ditzan.