Urteko salmenten %40a inguru gabonetako kanpainaren lau asteotan egin ohi dute Irungo merkatariek. Eta kultura eta komertzio eskaintzarekin batera, familia kontziliazioa bultzatuko duen programazioa antolatu dute Irunen.
Irunen aurten «Betiko Gabonak, inoiz ez bezala» ospatzeko deia luzatu du udalak, hiria eta ekonomia biziarazteko helburuarekin. Oiasso Erromatar Museoak zein Bidashop merkatarien eta ostalarien elkarteak antolatutako jarduerekin batera, Irungo Udaleko Gazteria eta Kultura arloek ere ahalegina egin dute programazio oparo bati esker, "ahal bezainbat bisitari erakatzeko". Jose Antonio Santano alkateak iragarri duenez, "Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldetik etorritako bisitarientzat eskaintza zabala" proposatuko dute Irunen abenduaren 16tik urtarrilaren 15era. Eta ahalegin berezia egin dute haur eta gazteei begira. "Garaiko erosketak eta familia uztartu ahal izateko pentsatuz, helduek erosketak egiten dituzten bitartean, haur eta gazteei zuzendutako jarduera programazio zabala" izango dela iragarri du alkateak.
Horretarako, iaz bezala, Sarjia parkean 4-12 urte bitarteko haurrei Txiribueltak eskainitako familientzako-gune bat ezarriko du, animazio, tailer eta kultur-eskaintza proposatuz. Irungo kultur elkarte, abesbatza eta eragile desberdinek programazioa osatuko dute, baita izotz-pista txiki bat eta tirolina ere.
Bestalde, GazteArtean ekimenaren baitan, gazteei zuzendutako hainbat ekintza proposatuko dituzte Gaztelekuan eta Pio XII.aren plazan.
Gainerakoan, 3 izotz-pista, txirrista bat, Bidashop-ek antolatuko duen Zabaltza plazako azoka eta jarduerak hirierdiko txoko guztietan... Zentzu honetan, kanpainaren baitan, izotz sintetikoko hiru pista instalatuko dituzte. Pista nagusia Luis Marianoko lorategietan jarriko dute, eta abenduaren 16tik urtarrilaren 15era egongo da irekita.
Txarli eta Ane Txiribueltako ordezkariek haurrei zuzendutako eskaintzaren berri eman digute