Norbere bizikleta konpontzeko tailerrak eskainiko ditu Balaztak bere bazkideentzat. Larreaundiko tailer kolaboratiboak mugikortasun jasangarriaren pedalari eragin nahi dio. Hortaz, bizikletak, piezak eta herramientak ez ezik, orain konponketak egiteko gaitasuna ere eskura jarri nahi dute.
Mugikortasun jasangarriaren izenean, autoak ordezkatzeko alternatiba bizikleta dela sinetsita dago Balazta elkartea. Bidasoko bizikletaren aldeko eragile honek joan den urtean Larreaundiko parbulario zaharrean egoitza estreinatu zuenez geroztik, 100 bazkide baino gehiago batu dira euren erronkara. Eta udalgintzan (mugikortasun planetan ekarpenak eginez) zein gizarte mailan eragiteko ekimen andana batean parte hartzeaz gain, funtsean ahal bezainbat bizikleta kaleetara eramatea dute azken helburu. Eta horretan, euren tailer kooperatiboak asko lagundu dezake.
Izan ere, Bidasoa eskualdean bizikletaz mugitu nahi duenak, bidegorri edo segurtasun eza ukan dezake aitzaki. Baina ez txirrindarik ez duela. Balazta elkartean, urtean 20 euroko bazkidetza ordainduta, urtero bizikleta bat eskuratzeko aukera ematen baitute. Eta tailerrean bertan, bazkideek piezak euro batetik hasita eskuratzeaz gain, txirrinda konpontzeko tresna guztiak ere han dituzte.
Asteazkenetan (17:00-20:00) eta larunbatetan (10:00-13:00) tailerra zabalik dago. Eta bertan Arkaitz Arozena bezalako bazkide adituak topatzen ahal dira. "Tailer kolaboratiboa da, ez ditugu inorren txirrindak konpontzen, konpontzen irakasten eta laguntzen baizik", argitu du Arozenak, mekanikan bidelaguna. "Oso harro sentitu zinezke zure bizikletan zuk zeuk konponduta ibiltzen joatea", dio, "eta hemen bizikletatik hasi eta azken konponketa egiteraino aukera dago horretarako".
Helburu horrekin, oraingoan konponketa tailerren dinamika berri bat abiatuko dute. Abenduaren 3an goiz osoan zehar txirrinden balazta edo frenoak konpontzeko tailerra eskainiko diete bazkideei. Arkaitz Arozenak dioenez, "nahiz eta bizikletak elementu asko daramazkin konpontzen ikasi behar direnak, balaztekin hasiko gara, hirian segurtasuna garrantzitsua delako". Halere, tailer desberdinak antolatzen joango dira, eta aurrerantzean bazkideei ez ezik, modu irekian ere eskaintzeko asmoa dute.
Hondarribian Bizibusa
Bestalde, ostiral honetarako Bizibusa antolatu du Balaztak. Mugikortasunaren Astean egin izan zuten bezala, Portua auzoko Martxoak 8 plazan eman dute hitzordua 8:35ean, eta bertatik elkarrekin Talaia-Bordari eskolara joango dira bizikletan udaltzainek babestuta. Balazta elkarteak, Talaiako guraso elkartearekin eta Hondarribiko Udalaren laguntzarekin antolatutako ekimena da, eta hilabeteko lehen ostiraletan errepikatuko dute.