Erabakiak hartu baino lehen, kultur eskaintzaren eta azpiegituren orainaz eta geroaz, urruñarrek dituzten arrangura eta igurikapenen berri izan nahi du galdeketa ideki bati esker.
Urruñako udal gobernu taldeak hauteskundeetan hitz eman zuen herriko proiektuetan partehartzea bilatuko zuela, eta Pruden Sudupe, Urruñako Euskara delegatuak nabarmendu duenez, "sekatzen duguna da gogoeta partekatu bat izaitea, hemendik goiti hartu beharreko erabakietan herritarren iritzia inportantea dela ulertuta". Halere, herriko etxeak zenbait irizpide markatu ditu kultur eskaintza hobetzeko, eta horretarako azpiegituren beharraz ere jabetua dago.
Gaur egun Zokoako Aisialdi Zentroa eta Ithurbide salaz haratago, herriak ez baititu kultur emanaldietarako areto aukera aski. Baina erabakiak hartu aintzin "dena lotzen ahal da, alde batetik egin nahi ginukeena, jendeak eskatuko duena, eta bestetik ere montadura edo azpiegituren beharra zein den argitzea", dio Sudupek. Donibane Lohitzunen, Ziburun edo Hendaian daudenak aztertu ondotik, halere, ez lukete nahi eskaintza berbera egin. "Urruñako herriak bere bidea egin behar du kultur mailan ere, baina horretarako jakin behar dugu jendea etorriko ote den, eta zertara", dio Sudupek.
Halere, publiko orori zuzendutako egitasmo kulturala osatu nahi dutela argitu du. "Publiko ororentzat, gazteak eta haurrak usu ahantziak direlako, generoa aintzat hartuta, eta orain arte eskaintza ttipia zela ohartu garenez, euskarak eta euskal kulturak ere bere tokia euki beharko du eskaintza horretan", azaldu du Euskara ordezkariak. Baina beti ere, herriaren bihotza biziaraztea dute xedea. "Azken urteetan oso hilda gelditu delako".
Horiek hala, herritarren beharrak eta interesak zeintzuk diren, eta iritziak jaso nahi dituzte. Eta horretarako bost orrialdetako galdeketa prestatu dute. “Galdeketa batek mugak ditu beti, baina jendeak zein igurikapen dituen, zer eskatzen diguten, eta bereziki zer ikusten dute eskax kultur mailan adierazi dezakete horretan”, esan du Sudupek. Izan ere, herriko etxeak zonbait galdera eta proposamen egiten ditu inkestan, baina herritarrek beren arrangurak azaldu eta “urrunago joan eta ekarpenak egiteko aukera” izango du bertan.
Epe zehatzik ez dute eman inkesta betetzeko, baina lehenbailehen egitera animatu dute. Elebitan Urrugne Oficial facebook kontuan topa dezakezue.