Beganismoaren loraldiaren irudiko izango da Ficoba asteburu honetan

Antxeta Irratia 2022ko abe. 1a, 00:00

Be Veggie festibala bi egunekoa izango da aurten eta, animaliekin errespetuan, erakustazokaren araudiak egokitu dituzte bisitariek euren txakurrekin ongi etorriak izateko. 

Beganismoaren arlo desberdinetako 54 erakusketari bilduko ditu Ficobak abenduaren 3an eta 4ean Be Veggie azoka festibalean. 2019an aurreneko edizioa sektoreko 30 profesionalekin antolatu zutenetik hazi besterik ez da egin. Eta pandemiaren oztopo guztien gainetik, loraldi betean dagoen beganismoaren mugimenduari lotutako enpresa gazte eta txiki anitz erreferentziazko azoka dute honakoa. 4. edizioa asteburu honetan ospatuko da Irungo Ficoban, elikadura, arropa begano-ekologikoa, kosmetika, yoga, bertan jan ahal izateko food truck beganoak ere izango dira, eta orotariko produktuak erosteko aukeraz gain, haurrentzako jarduerak, animalien tratu onari buruzko zein elikadurari buruzko hitzaldiak eta tailerrak proposatuko dituzte. Egun osoko plana osatzeko, musika emanaldiak ere antolatu dituzte.

Aurten, berrikuntza gisa, txakurrak eraman ahal izango dituzte Be Veggie azokara joaten diren bisitariek. Maialen Gaztañaga, azokako arduradunak iragarri duenez, "animalien santuarioak ere badira azokaren eskaintzan, eta honi lotuta, araudia aldatu behar izan dugu erakustazokan txakurrak onartuak izateko". Kanpoaldean euren beharrak egiteko gune bat ere antolatuko dute.

Azoka, larunbatean, goizeko 10:00etan zabalduko ditu ateak. Sartzea doakoa da, eta oinez, autobusez edo Euskotrenez hurbiltzeko gomendatu dute. Egitarauari buruzko informazio guztia: www.beveggie.eus webgunean.

Erlazionatuak