San Telmoko atea zabalik, gazteluak gordetzen dituen altxorrak ezagutu nahi dituenarentzat

Antxeta Irratia 2022ko aza. 29a, 00:00

Uztailan 'Piraten edo Higerreko gaztelua' udalak erosi eta txukundu ondotik, aurki doako bisita gidatuak antolatuko ditu Arma Plazak. Udalak "dagoen bezala lehenbailehen deskubritzeko aukera" eman nahi izan du, XVI. mendeko eraikinarekin "denok genuen jakinmina asetzeko".

Hondarribiko Udalak uztailaren 26ean San Telmo gazteluaren giltzak eskuratu zituenetik, "denon ondarea den monumentua herritar guztiei deskubritzeko aukera ematea" izan du helburu. Udalbatzak apirilaren 14an ahobatez onartu zuen 3,5 milioi euroren truke eraikin historiko-arkitektoniko hau erostea. Eta bertan indusketa arkeologikoak eta egituren azterketak egiteaz gain, berreskuratze lan sakon bat egin beharko dutela aitortu du Txomin Sagarzazu alkateak. "Urte luzetarako emango duen proiektu polita da, baina aurretik, orain dagoen bezala dagoela, herritarrei ezagutzeko aukera eman nahi diegu, denok genuen jakinmina asetzeko", argitu du.

Helburu horrekin, abenduan zehar zehaztuko duten jarduera programa batekin, Arma Plaza Fundazioko adituen eskutik bisita gidatuak dohainik egiteko plangintza lantzen ari dira. Hilabeteotan segurtasun plana eta gazteluaren atontze lanak egin dituzte bisitagarri bilakatzeko.

Historia luzeko gaztelua

Izan ere, gaztelua XVI. mendekoa bada ere, urteetan zehar erabilia eta bizitua izan da, eta horren arabera moldaketa lan etengabeak jasan ditu. Bereziki XVIII. mendean, kanpoaldetik ikus daitezkeen harresi eta defentsa dorreak garai hortakoak baitira, arkeologoen arabera "alde zaharreko polborina bertara eraman zutelako dorre nagusian 1.500 polbora kupela gorde izan zituelarik bere baitan". Aipatutako dorre nagusia, aldiz, XIII. mendekoa izan daitekeela uste dute, horma zabalagoak eta garai hartako lehio originalak dituelako. Halere, XX. mendean zehar ere aldaketak jasan zituen, hainbat familik (Rodriguez Salis eta Gal dira ezagunenak) erabili izan baitzuten bertan bizitzeko edota udako oporraldi gune gisa ere.

Hortaz, lan handia egin beharko dute San Telmo edo 'Piraten' gazteluak gordetzen dituen garai desberdinetako altxorrak bereizteko eta eraberritzeko. Gogoan hartu beharbaita, erromatar garaitik puntu estrategikoa izan dela honakoa. Asturiagako portu erromatarra aldamenean deskubritu zuten 80. hamarkadan, eta bertan hondoratutako itsasontziaren arrastoetatik berreskuratu zituzten Oiasso Erromatar Museoan gaur egun ikus daitezkeen brontzezko jainkosen irudiak.

Haatik, Erdi Arora bitartean inguru horietan bestelako presentziaren frogarik ez da orain artean topatu, baina Felipe II. Gaztelako erregeak 1598. urtean gaztelua bertan eraikitzeko agindua ez zela ausaz hartua izan pentsatzen dute Arma Plazako adituek. Aurretik ere itsas-adarraren bigilantzia puntu estrategikoa izango zelakoan daude. Bidasoaren bokalea eta Hondarribia (mugako herria) garai haietan piraten jardueretaz defendatzeko eraiki zuten. Halaxe dio gazteluaren XVI. mendeko sarreran goiburu duen Felipe II.aren armarriak: AD REPRIMENDA PIRATARUM LATROCINIA.

Hau guztia kontuan hartuta, hamarkada luzetan zehar Higerrera edota Asturiagako hondartzarako bidean, hondarribitar gehienek kanpoaldetik baizik begiztatu ez duten gazteluak ateak zabalduko ditu aurki, doako bisita gidatuekin. Abenduaren erditsutik aurrera izango da, eta Arma Plazak ahalik eta jende gehienari aukera eman nahi dioenez, Hondarribiko postontzietan ere banatuko dute gonbidapena.