Euskaraz lasai aritzeko 255 Arigune daude Bidasoaldean

Antxeta Irratia 2022ko aza. 29a, 00:00

Hondarribia, Irun, Hendaia, Urruña eta Biriatuko euskararen egoerak aski desberdinak badira ere, euskaraz lasai aritzeko entitate eta establezimendu andana batek hartu du aurtengo Euskaraldian Arigune gisa aritzeko konpromisoa.

Ahobizi zein Belarriprestentzat, euskaraz lasai aritzeko guneek garrantzi handia dute Euskaraldiaren dinamikan. Euskararentzat arnasguneak sortzea hizkuntza biziberritze prozesurako oinarriak jartzea dela aintzat hartuta, Euskaraldiaren hirugarren edizio honetan, gure eskualdean 255 entitatek parte hartzen dute Arigune gisa (batzuen baitan Arigune bat baino gehiagok izena eman badute ere). Horietatik 105 Hondarribian, 96 Irunen, 28 Hendaian eta beste 24 inguru Urruñan aurkitzen dira, eta beste bi Biriatun. Zerbitzu publikoak, ikastetxeak, kirol zein kultur elkarteak, komertzio, ostatu eta jendaurrean ari diren bestelako zerbitzutako kolektibo eta entitateak aurkitzen dira horien artean.

Horietariko batzuekin hitzegiteko aukera izan dugu. Hondarribian, adibidez, Gaxen kafetegian zein Mariñel burdindegian udako bisitari mordoa dela eta, zailagoa dela aitortzen diguten bitartean, Euskaraldiaren garai honetan euskara erraz atzeman daiteke eguneroko jardunean bezero eta erabiltzaileen artean. Irunen, aldiz, "lehen hitza euskaraz emateak aldea markatzen" duela adierazi digute. Gutxiengo bat baita, berez, euskaraz erosketak egin ohi dituenak. Egunotan aldiz, jarrerak eta praktikan eragiten du ariketa sozialak. Eta Hendaian euskara "geroz eta gehiago" entzuten bada ere, erabilera orokortu baino jarrera baikorrak dira azken aldian hedatzen ari direnak. Baina hirierdiko Lovi kafetegiko jabeek agertzen duten tamainako konpromisoarekin, euskararen erabilera azkartzeko itxaropentsu izateko arrazoiak badira. Zazpi urte dira Finlandiatik Hendaiara etorri zirela, eta euskara ikasi eta bultzatu nahian Arigune izendatu dute establezimendua.

Ariguneetako batzuetara bisita egin du Antxeta Irratiko mikrofonoak.


 

Erlazionatuak

Euskaraz lasai aritzeko 255 Arigune daude Bidasoaldean

Antxeta Irratia 2022 aza 29 Behe Bidasoa

Euskaraz lasai aritzeko 255 Arigune daude Bidasoaldean

Antxeta Irratia 2022 aza 29 Behe Bidasoa