Lau eguneko aparteko programa antolatu du Oiasso Museoak euskarari lotzeko

Antxeta Irratia 2022ko aza. 29a, 00:00

Abenduaren 1etik 4ra Euskaraldia eta Euskararen Egunarekin bat eginez, hitzaldi, bakarrizketa, euskaltegien mintzapraktika eta Irugurutzetara doako bisitak proposatuko dituzte euskaraz gozatzeko.  

Ondare historiko eta kulturalaren dibulgazioarekin egin ohi duen moduan, euskara balioan jarri eta haren erabilerari bultzada bat emateko konpromisoa adierazi du Oiasso Erromatar Museoak Euskararen Egunaren atarian. "Erromatar museo garen heinean, esan beharra dugu euskarak bizirik jarraitu zuela nahiz eta hemen erromatarrak eta latina egon, eta hori balioan ezarri nahi dugu", dio Aizpea Goenagak, museoko zuzendariak. Euskara indartu beharra dagoela jabetuta, museoa tresna baliagarria izan daitekeela sinetsita dago, eta horregatik urte osoan zehar bultzatzen dute beren jardueretan. Baina egunotarako aparteko egitaraua prestatu dute Euskararen Eguna aitzaki hartuta.

Horrela, abenduaren 1ean, osteguna, arratsaldeko 19:00etan 'Kontaiguzu dakizuna!' zikloaren hitzaldiak euskara hutsez izango dira. Juanma Aramendik "Forau de la Tuta (Artieda) aztarnategi arkeologikoaren berri emango du. Eta ondoren Iñigo Osak arraunlarien mundua gaia jorratuko du.

Abenduaren 2an, ostirala, goizeko 12:00etan Oiasso museoak 'Nik ere ezagutzen dut Oiasso museoa' egitasmoa aurkeztuko du. Museoak euskaltegiekin hartu-emana bultzatu nahi du. Horretarako material didaktikoa prestatu du Oiasso hiri erromatarra izan zenekoari buruz, gai horren bueltan euskara mintzapraktika egiteko. Ostirala hontako aurkezpenean gainera, Irungo udal euskaltegiko ikasleek bisita egin ahal izango dute museoan. Eta hurrengo asteetan inguruko herrietako euskaltegiei zabalik egongo da eskaintza. Ekimen hau gelditzeko iritsi da beraz. Izan ere, Goenagak museoak euskararekin duen konpromisoa azpimarratu nahi izan du: "Egunotan egingo dugun guztia ez da izango poxpolo bat, euskararen erabilera bultzatzeko ahaleginetan ari gara museoaren ohiko dinamikan ere", dio.

Azkenik, asteburuan familia eta lagunartean egiteko bi proposamen dakar museoak. Euskararen Nazioarteko Egunean, Abenduaren 3an, larunbata, museoak "Jolastu nahi? Zertara jolasten zuten Oiassoko neska-mutilek duela 2.000 urte?” bakarrizketa aurkeztuko du Nerea Arriola aktorisa eta clown ezagunaren eskutik. Arratsaldeko 18:00etan izango da saioa, eta ondoren, Adur Intxaurrandieta Historian doktorearen eskutik solasaldia izango dute ikusi eta entzundakoaren inguruan.

Igandean, aldiz, Santa Barbara meatzarien babeslearen eguna izaki, museoak bisita berezia eskainiko du 11:00etan Irugurutzetako labeetara eta meategira. Euskaraz izango da eta dohainik, baina izena eman beharra dago 943 63 93 53 telefonora deituta. Aiako Harrian meatze lan handiak egon dira erromatarrek zilarra ustiatzen zuten garaietatik hasi, eta XX. mende erdian burnia ustiatzeari utzi zitzaion arte. Euskadiko ondare industrialaren parte da Irungo Irugurutzeta.

Erlazionatuak