Azken hamarkadetako euskal musika eta konpositoreen lana ezagutzera emango du Eñaut Zubizarreta musikariak egingo duen lanak, eta youtube bitartez ere, material-pedagogiko gisa hedatzeko helburua du.
Irungo Udalak babestutako ikerketa bekaren bigarren deialdian, Eñaut Zubizarreta musikari atxabaltarraren proiektua hautatu dute. Egitasmo honen bitartez, azken berrogehi urteetan Euskal Herrian sortutako musika-errepertorioa ezagutzera eman nahi du ikertzaileak. 'Musika modernoa murgiltzeko harizko musika-tresnentzako ikastaroa' izenburupean, musika irakasteko lan pedagogikoa izan nahi du.
Bekaren diru-funtsa 9.000 eurokoa da, eta deialdi honen bidez, Irungo Udalak ikerketa/ekintza proiektuak sustatu nahi ditu, euskal esparruko azken hamarkadetako musika modernoarekin lotuta. Hortaz, ikerketa-lana osatzeko 8 hilabeteko epea izango du Zubizarretak. Entregatu beharreko azken emaitza askotarikoa izan daiteke, formatuari dagokionez: proiektua, prozesua edo ekintza (dibulgaziorako materiala, lankidetzako prozesuak, parte-hartze bidezkoak...). Baina Antxeta Irratian iragarri duenez, material-pedagogiko honek atal euskarri desberdinak izango ditu, eta haien artean, "youtube kanaletik pilula formatuan" ere hedatzeko helburua du, jende gaztearengana erraz heltzeko xedez. Izan ere, bekaren irizpideetako bat da, irisgarritasuna eta hedapena sakontzea, online bidea erabilita.