Barraskilo Gazte Taldeak antolatu du ospakizuna abenduaren 3rako eta ekitaldien artean, triki poteoa eta patata tortilla lehiaketa eginen dute.
Azken hilabeteetan Barraskilo Gazte Taldea sortu dute Beran herriko gazteek, eta abenduaren 3an Nafarroaren Eguna eta Euskararen Eguna dela aprobetxatuta, ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute larunbaterako.
Arratsaldeko 17:00etan hasiko da ospakizuna triki poteoarekin. Auzoan hasi eta Lixoia, Kataku, Bidaxka, Ikuilu eta Errekaldetik pasatuko dira herritarrak musikarekin. Honi Toki Onako estalpean emanen diote bukaera eta bertan, 18:30ean, hasiko da patata tortilla lehiaketa. Hiru partaideko taldeetan parte hartuko beharko da hemen eta antolakuntzak zortzi arraultze, patatak, olioa eta gatza banatuko ditu. Kozinatzeko tresnak berriz, taldeak ekarri beharko ditu eta guztira, ordu eta erdi izanen dute tortilla egiteko.
Honez gain, azken asteetan logo lehiaketa abiatu dute Barraskilo Gazte Taldekoek eta larunbateko ospakizunarekin batera, aurkeztutako logo guztiak erakutsiko dituzte eta bat aukeratuko dute.