Toki-Alai, Eguzkitza, Txingudi Ikastola, Hirubide eta Plaiaundi ikastetx publikoetako 12-16 urte arteko gazteek bat eginik, indarkeria matxista desagerrarazteko konpromiso irmoa plazaratu dute Zabaltza Plazako kioskoan bigarren urtez jarraian.
Gaur hezkuntza sare publikoko Irungo DBHko ikasleak mobilizatu dira Zabaltza plazan "Bat gehiagorik ez!" lelopean. Politikariak interpelatu dituzte. Eta indarkeria matxista desagerrarazteko eurek ikastetxeetan hartu duten "konpromiso irmoaren" maila berbera galdegin diete udal arduradunei ere euren politika eta ekintzetan bultza dezaten.
Toki-Alai, Eguzkitza, Txingudi Ikastola edota Hirubide zentroetako Hezkidetza taldeen eskutik, ikasturte osoan zehar indarkeria matxista modu transbertsalean lantzen badute ere, azken asteotan lanketa berezia egin dute ikastetxe publikoetan. "Indarkeria matxista zantzurik txikiena" ere identifikatzeko formakuntza eta gogoeta egin dute 12-16 urteko DBHko ikasleek azken asteetan. Irakasleen arabera, "geroz eta emakume gazte ahaldunduagoak daude, eta gazteek orohar argi dute, baina bada oraindik ere, eredu hetero-patriarkalaren jarrerak errepikatzen dituenik". Hortaz, lanean jarraitzeko beharra nabarmendu dute.
Bigarren urtez manifestua eta indarkeria matxista desagerrarazteko aldarria plazaratu dute denek elkarrekin Zabaltza plazako kioskoan, "biktima bat ere dagoen bitartean" deus ospatzerik ez dagoela azpimarratuz.