Emakumeenganako indarkeria matxista desagerrarazteko borondatea adierazten duen agiria EAJ, Abotsanitz eta PSE-EE alderdiek izenpetu duten bitartean, EH Bilduk argitu du, "Hondarribiko emakumeek jasaten dituzten biolentzia guztiak" aintzat hartu artean, ez duela bat egingo.
Hondarribiko EH Bilduk ez du udalak gaur (Emakumeenganako Indarkeria Matxista Desagerrarazteko Eguna) plazaratu duen Adierazpen Instituzionala sinatu. Koalizio abertzaletik jakinarazi dutenez, urriko udalbatzan testua adosteko ekarpenak egiteko aukera izango zutelakoan utzi zuten eztabaida. "Ez zela momentua hori eztabaidatzeko esan zuen udal gobernuak", dio Xabier Bengoetxeak, EH Bilduko hautetsiak. Haatik, gerora ere ez da eztabaidarik eman.
Udal Gobernuak EUDEL udalerrien federazioaren testua hartu du oinarri berea osatzeko. Horrenbestez, Bengoetxeak dio ez zaiela herriko errealitatera egokitzeko ekarpenak egiteko aukerarik eman. "Horrelako egunetan orokorkerietan erortzen gara, hau esaten eta bestea, baina halako adierazpenek gero aterrizatu behar dute nonbait, eta Hondarribiko emakumeek pairatzen duten biolentzia, Hondarribikoa da. Eta oraintxe bertan behintzat ez dugu ikusten baldintzak daudela", argitu du EH Bilduko hautetsiak.
Zentzu honetan, udal gobernu jeltzaleari bere burua zuritzen aritzea leporatu dio, "halako egunetan adierazpen hutsalak egiten ditu". Izan ere, koalizio abertzaletik urteak daramatzate gaur egun Gizarte Zerbitzuetako udal departamenduaren parte den Berdintasun arloa sortu, eta teknikari bat kontratatu dezaten eskatzen. Matxismo mota asko dagoela, eta Hondarribian instituzionala jaietan ere presente dagoela oroitarazi du Bengoetxeak. "Irailaren 8an, jaietan herri honetan bizi duguna ere biolentzia da, eta instituzioek ez dute nahikoa egiten" bere aburuz.
Hemen onartu den adierazpen instituzionala irakurtzeko aukera: https://www.hondarribia.eus/eu/-/emakumeen-aurkako-indarkeariaren-eguna-dela-eta-eaj-abotsanitz-eta-pse-eek-adostutako-idatz-1