Pozik azaldu da EAJ udal taldea, udalbatzan aprobatzera eramango den Korrokoitz eremuaren behin-betiko ordenazioa eurek gobernuan 2015etik 2018ra "egindako lanaren fruitu" delako.
Ostiralean azaroko Irungo udalbatzan onartzera eramango da 1987az geroztik zintzilik daraman "Urdanibia plaza itxi, kanala berreskuratu eta Alde Zaharraren hobetzean giltzarri" izango den Korrokoitz eremuaren berrantolaketa plana. Udal teknikariek eta jabego pribatuaren arkitektoek adostu eta ontzat emandako proiektua da. Eta 2018an hika-mika politiko eta juridiko zurrunen ondorioz PSE-EAJ udal gobernu koalizioa apurtzea eragin zuen akordioa izaki, "gobernuan Hirigintza arloan egindako lanaren emaitza delako", pozik azaldu dira jeltzaleak. Xabier Iridoy bozeramaleak iragarri duenez, "baiezkoa emango du EAJk udalbatzan, garai haietan egindako lana ongi egina zegoela erakusten baitu oraingo planak, 2018koaren ordenazio egituraketa, etxeen kokapena eta kanalaren berreskuratze eta naturalizazio irizpide beretsuak baititu".
Zentzu horretan, 2008an udalbatzak ordenazio plan bat behin-betiko onartu zuela, eta hura EAJk eremua berraktibatu zuen arte, gelditua egon zela oroitarazi du talde jeltzaleak. "Udala ez da gai izan ordenazioa bideragarri egiteko hamarkadetan zehar", dio Iridoyk. "Porrot egin zuen plan hark, eta konparatzen badugu 2018arekin alde handiak daude, egitura eta ordenazio aldetik. Aldiz, 2018tik orain onartuko den 2022kora, guk lortu genuen akordio tekniko berbera da", nabarmendu du Iridoyk.
Nolanahi ere, eztabaida politikoak alde batera utzi, eta "hura pasata dago, eta etorkizunera begira jarriaz", irundarren onerako lanean jarraitzeko deia luzatu du.