Lesakako feriak ospatuko dira gaur eta bihar

Antxeta Irratia 2022ko aza. 23a, 00:00

Ortzeguna izanen da egun handia, baina gaur arratsaldetik aitzinera ere hainbat ekitaldi ospatuko dituzte herrian.

Bi urtez ospatu ezinik egon ondotik, aurten Lesakako feriak ospatuko dituzte berriz ere ohiko formatuan. Horretarako, Lesakako Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu, Beti Gazterekin, Arkupe pilotazaleen elkartearekin, Bortzirietako bertso eskolarekin, Trikipand trikitixa taldearekin eta Bortzirietako abeltzainen laguntzarekin.

Gaur, azaroaren 23an, emanen diote hasiera Lesakako feriei. Hain zuzen ere, Lesakako trikitilariek kalejira eginen dute arratsaldeko 18:00etan Lesakako karriketan barrena. Ordu berean, Beti Gaztek Ajoarriero Lehiaketa eginen du.

Egun handia berriz, ortzegunean ospatuko dute lesakarrek (azaroak 24). Goizetik azienda lehiaketa eginen da Beheko Plazan. 11:00etan berriz, herri kirol erakustaldia izanen da Plaza Zaharrean, baita bertso saioa ere, Julio Soto eta Oihana Iguaran bertsolariekin. Honez gaiz, goiz guztian zehar, eskulangileek euren postuak jarriko dituzte herriko karriketan. Azienden lehiaketako sariak banatu ondotik, bazkaltzeko tartea izanen dute, eta arratsaldean jarraituko dute ekitaldiekin. 17:00etan pilota partidak izanen dira frontoian eta 18:00etan dantzaldia Jeiki-Hadi taldearekin. Azkenik, Beti Gazte Kantarik emanaldia eskainiko du, 19:00etan Alondegian.