Gazteentzako zerbitzu guztiak bilduko dituen Saindua berria 2024rako prest egotea espero dute

Antxeta Irratia 2022ko aza. 22a, 00:00

Orotara 824.044 euroko inbertsioa egingo dute eraikina birgaitu eta hobetzeko. Gaztelekua ez ezik, Gazte Informazio Bulegoa ere bertan ezarriko dute, gazteen erreferentziazko gune bilaka dadin. 

2018ko urriaz geroztik itxita egon den Saindua gaztelekua birgaitu eta hobetzeko obrak lehiaketara atera ditu Hondarribiko Udalak. Eraikinaren teilatuaren habeetan pitzadurak zirela eta, kata batzuk egin eta gaztelekua berritzeko proiektua berregin behar izan zuten. Eta urteotan gazteleku zerbitzua Puntalean eskaini bada ere, "egia da gehiegi luzatu dela proiektu berria", aitortu du Maria Serranok, Gazteriako zinegotziak. Halere, behin proiektua idatzita dagoela eta obren lizitazioa martxan 2023an zehar birgaitze lanak egin eta 2024rako zerbitzua martxan egotea aurreikusten du udal ordezkariak.

Horretarako, 826.044 euroko inbertsioa egingo du udalak, eta Saindua eraberritzeaz haratago, "gazteentzako erreferentziazko zerbitzua bilakatzeko" helburua nabarmendu du. Izan ere, garai batean egungo Bienvenida Emazabel Susperregi plazan eta azken urteetan Jabier Ugarte kalean eskaini den Gazte Informazio Bulegoa ere Sainduara lekuz aldatuko dute. "Areto gehiago izango ditu gazteleku berriak, tailerrak eta jarduera desberdinak egiteko, baina kalitatezko zerbitzu integrala eskainiko dugu bertan gazteentzako", argitu du Serranok. Hortaz gain, Saindua atzealdeko eremuan berdeguneak egokitzea aurreikusten du proiektuak.