Matxismoa arte eszenikoetan aztergai jarriko du Bagera elkarteak A25aren bezperan

Antxeta Irratia 2022ko aza. 21a, 00:00

'Riposte' filma eta solasaldia antolatu dute asteazkenean Varietes antzokian. Eta ostegunean arte eszenikoen sektorea sexista ote den eztabaidatuko dute Borderline Fabrikan antolatutako mahainguru batekin. 

Hendaiako Bagera-Nous sommes elkarteak eredu hetero-patriarkalaren sustraiak noraino errotuak ote dauden aztertuko du Azaroaren 25a Emazteenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna kari. Horren baitan, bi hitzordu proposatu dituzte oraingo honetan. Azaroaren 23an, asteazkena, 20:30etik aurrera, Hendaiako Varietes antzokian 'Riposte' filma proiektatuko dute, eta saioaren ondotik eztabaida une bat izanen da.

Azaroaren 24an, ostegunarekin aldiz, gaualdi berezia antolatu dute tren geltokiko Borderline Fabrikan. “Ikuskizun bizia sexista ote da?" gaiari buruz mahai-ingurua egingo dute 18:00etatik goiti. Bertan izango dira Laetitia EIZAGUIRRE (Arteknik), ikuskizunen teknikalarien munduko sexismoa gogora ekarriko duena, Lanetik Egina musika elkarteko Niko CAUMONT, Alaia BERHONDE (Jour de Fête konpainiako kide eta artista), Jeanine TERHOFF (NaiNai taldeko abeslaria) eta Corine CELLA (Borderline Fabrika taldeko kide eta zirku artista). Isabelle Eguiazabal, Bagerako kideak gidatuko ditu eztabaidak. Haien helburua da, antzerkia bezalako arte eszenikoaren sektorea ez ezik, gaur egungo edukiek ere eredu hetero-patriarkalak errepikatzen ote dituzten aztertzea.

Ondoren, 20:00etan gaualdiak segituko du "tonu femenino eta feministan", HAMELIN, NAÏ NAÏ (emakumezko ahots laukote hendaiarra) eta Lanetik Eginako CHORAL ROCK taldearen kontzertuekin. Horrekin guziarekin batera, ikusgarrien munduko sexismoari buruzko erakusketa bat ere prestatu dute.

Eskualdeko manifestazioa

Bestalde, Bagera elkarteak bat egingo du Bidasoko M8 Asanblada Feministak azaroaren 25ean deitu duen eskualdeko manifestazioarekin. "Justizia feminista indarkeria sexistaren aurka" lelopean, emazteek, eta bereziki emazte migratzaileek jasaten dituzten indarkeria mota guztiak salatzeko Hendaiako Errepublika plazatik (17:30ean) abiatuko dira Irungo epaitegi aurrean bukatzeko 19:00ak aldera. Ibilbidean zehar Hendaiako Erretentzio Zentroan eta Santiago Zubian ere zenbait ekintza iragarri dituzte.

Erlazionatuak