Ostegunean Cristina Ubani adituaren 'Emakumea eta Kirola' hitzaldia antolatu ondoren, herriko ikasleen partehartzea bultzatu nahi du Emekik, indarkeria matxistaren kontrako mezuak bildu eta Sare Morea kolektiboki ehunduz.
Emeki emakumeen elkarteak Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako jardueren artean, sare morea ehundu eta euren mezuak txertatzeko deia luzatu die, Talaia, Egiluze eta Ama Guadalupekoa ikastetxeetako ikasleei. Azaroaren 25ean bertan Martxoak 8 plazan ezarriko dituzte herriko gazteen mezu eta aldarrikapenak. Tamara Sastre, Emekiko presidentak argitu duenez, herriko sare konpontzaileen plaza izendatu eta hauek omendu eta gero, arrantzale herria izanik sare morea ehuntzeko deia keinu sinbolikoa izango dute.
Azaroaren 25ean arratsaldean bertan ezarriko du ehundutako mezuen sarea, eta 18:00etan Bidasoko M8 Asanblada Feministak deitutako mobilizazioekin bat egingo dute plazan bertan elgarretaratze batekin. Ondore, Hendaiatik Irunera egingo den manifestaldiaren bukaerara joateko deia ere luzatzen dute, 19:00etan Irungo epaitegiaren aurrean.
Kirolarekin emakumea ahalduntzen
Bestalde, elkartetik kirola emakumeak ahalduntzeko tresna gisa baliatzen ari dira azken urteotan, Bixi Bixi pala txapelketa edota haur zein helduentzako entrenamenduekin. Baita Ane Bayoren eskutik korrika egiten hasteko taldeak antolatzen ere. Horren haritik, hilaren 24ean 'Emakumeak eta kirola' hitzaldia ematera gonbidatu dute Cristina Ubani aditua. Hitzordua ostegun honetan 19:00etan Alde Zaharreko Kultur Etxean izango da.