Eskola Aktiboak dituen ama eskola eta lehen mailako 23 haurrendako egoitza berria bilatu behar izan dute aurten gastuak apaltzeko, eta frantses estatuak kontratu lagunduak murriztearekin batera, haien beharrak emendatu dira.
Erlaitza Eskola Aktiboak ikasturtea egoitza berrian abiatu du aurten. Azken bi urteotako egoitzaren alokairuaren kariotzeari aurre egin ezinik, aldiz, Urruñako Beltzenian (L'Eclerc gibelean) topatu dute 23 haurrentzako "leku polita eta proiektua garatzeko egokia". Hiru bidelagun (irakasle) dira lanean bertan, eta Adelaide Darraspek, elkarteko presidentak aitortu digunez, "erronka potoloa da urtero egoitza segurtatzea". Baita gainerako guztia ere. "Soldatak, alokairua, mantenimendu gastuak... 16 familia gara diru-zama horren biltzeko", dio Darraspek. Eta aitortu duenez, behar duten dirua lortzen ez badute, proiektu osoa kolokan egon liteke. Aurten gainera, beste elkarte askok bezala, kontratu lagunduak murriztu dituzte frantses estatuan, eta euren diru beharra sakondu egin da.
2018ko abenduan ateak ireki zituen eskolak, 3-11 urte bitarteko haurrak pedagogia eraldatze prozesuaren erdigunean kokatuz, eta emozioen harrera, komunikazio ez bortitza erabiliz.
Proiektua sustengatzeko gaualdia
Hala, helburuetara heltzeko hainbat ekintza antolatu dituzte azken hilabeteotan, eta ikasturte honetan ere eutsiko diote. Azaroaren 25ean Andoni Oilokiegi, Alex Paquette (musikari Quebekarra) eta Kaxkatu taldeekin gaualdia antolatu dute Hendaiako Gaztelu aretoan, 21.00etatik aurrera. Tokiak 10 eurotan erreserba daitezke, eta edari bat oparitua da aurresalmentan tokia erosten duenarentzat. Horretarako, www.buy.stripe.com webgunean sartzea besterik ez duzute.