Euskaraldia ariketa bukatu baino egun pare bat lehenago itxiko dute izena emateko epea

Antxeta Irratia 2022ko aza. 18a, 00:00

Despistatuek ere aukera izango dute txapa soinean jarri, hitzez ekin eta hizkuntza ohiturak aldatzeko. Euskaraldiaren lehendabiziko egunean zenbait partehartze datu plazaratzearekin batera jakinarazi dute, ariketa sozialaren olatura batzeko izen-ematea zabalik mantenduko dutela. 

Euskaraldiaren baitan antolatutako aurreneko kultur hitzorduekin batera, eskualdeko lehen datuak ere jakin izan ditugu. Hendaian 454 lagunek izena eman dute hirugarren aldi honetan, 119 Belarriprest eta 336 Ahobizik. 2020ean baino pittin bat gehiago. Urruñan ere, duela bi urteko xifretan bururatu dute izen-emate kanpaina, 200ndik gora. Baina Euskaraldiko herri batzordeko ordezkarien arabera, "oraingo honetan desberdin asko dago, eta argi da askok txapa zaharrarekin parte hartuko dutela".

Azken batean garrantzitsuena inertziaz askotan euskaldunok pairatzen dugun estres lingusitikoa normalizatzea eta bideratzea baita. Euskaraz ahal bezainbat aritzea. "Euskaldun bat leku ezezagun batean sartzen denean, ez daki euskaraz egin ala ez, eta erantzungo ote zaion", dio Pruden Sodupe urruñarrak, "baina batzuetan egunon bat esatearekin aski da, euskarari bide emateko". Bere ustetan, datuek kontrakoa dioten arren, eguneroko praktikan belarriprest askoz ere gehiago dago, edo beharko luke. "Onartu behar dugu ez dakienarekin ala gutxi dakienarekin guk lagundu behar dugula, eta harek behar duela kudeatu elkarrizketa. Une batez, erran ahal izateko ezin dut gehiago eta erdaraz jarraitzeko".

Hondarribian pozik

Hondarribian ere 2020 urteko edizioaren parekoak dira norbanakoen datuak momentuz. Orduan 1.500 lagunek parte hartu zuten, eta oraingoan "momentuz" 1.400ek izena eman dute. Izan ere, Mertxe Gerrikok, Hondarribiko Euskaraldiko koordinatzaileak esan duenez, Euskaraldiak gaur jakinarazi du ariketa bukatu baino pare bat egun lehenago arte izena eman ahal izango dela oraindik ere. Horrela despistatuentzako bigarren aukera emango dute. "Behin ariketa hasi eta txapen bitartez bisualizatzen denean, gerorako utzi duten asko aktibatzeko aukera egongo da", uste du Gerrikok.

Nolanahi ere, Hondarribian aurten Ariguneen kanpainak lortu du egundoko arrakasta. Duela bi urteko 50 ingurutik 105 izatera bikoiztu baita. Irunen bildutako 93 Ariguneak baino gehiago. Hondarribian Euskaraldiaren kanpaina desberdin antolatu dute, izena emateko garaian egin dituzte ahaleginak Jaitzubia, Arkolla, Amute eta Portua auzoetan ekintzak antolatuz, jendartea animatu nahian. Eta abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Egunean ekitaldia antolatuko duten arren, azaroak 19 honetarako baizik ez dute hitzordurik. Itsaslur elkartean 20:30etan bertso-afaria antolatu dute Miren Amuriza eta Igor Elortza bertsolariekin. Baina unea aprobetxatu nahi dute bertaratuko diren eragile eta herritarrekin txapa jarri eta ekintza sinboliko gisa talde argazki batekin Euskaraldiari abiada emateko.