Oposizioko udal taldeek abenduaren 16a arte dute zuzenketak aurkezteko epea, eta Miguel Angel Paez Ogasun ordezkariak akordio zabalak bilatuko dituela iragarri du, "akordioekin denok irabazten dugulako, eta ez badaude denok galtzaile garelako".
Udal Gobernuak 90,5 milioi euroko udal aurrekontu proiektua aurkeztu du. Eta udalbatzak ahobatez onartu zuen udal-tasak eta zergak izoztuta ere, zerbitzu publikoak "hiria bizirik mantentzeko eta irundarren ongizatea bermatzeko ezinbestekoak" direla ulertuta, %9,33 emendatuko dute gastua. Miguel Angel Paez, Ogasun ordezkariak azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Funtsatik udalak jasoko duen ekarpenak gora egingo du 51 milioi eurotaraino. Eta Next Generation Europako diru funtsari esker ere, 7 milioi euroko inbertsioak egitea aurreikusten dute.
Horien artean garrantzitsuenak, IrunBuseko L-2 lineako autobus elektriko berriak erosteko (2,4M euro), Ikust Alaiaren bigarren fasea garatzeko (miloi bat euro), Oiasso Museoko terma erromatarrak (990.000), Anakako etxeen reurbanizazioa (983.000), CBA Kulturgunearen bigarren fasea (680.120), San Juan inguruko kaleak zaharberritu eta peatonalizatzeko (624.000) edota 2024-2026 urtealdian jarraipena izango duten Belartzako aparkalekua eta Dunboa auzuneko Poxpologile kaleko zaharberritze proiektuak.
Zerbitzu publikoen gastu finkoa
Nolanahi ere, azken urteotan udalak egin duen zerbitzu publikoen aldeko apostuaren ondorioz, udalak urtero dituen gastu finkoak emendatzen joan direla aitortu du Miguel Angel Paezek. Ogasun ordezkariak dioenez, "pandemiak eta krisiak agerian utzi dute zerbitzu publikoak ezinbestekoak direla, eta gehiago eta hobeagoak nahi ditugu", adierazi du, "zerbitzuak hobetzeak, ondoren horiek mantentzeko gastua eskatzen badu ere". Horren irudiko, 2023ko udal aurrekontu proiektuaren 90,5 milioi euroetatik 59,5 milioi langileen soldata eta udal zerbitzu zein azpiegituren mantenimendura bideratu beharretan direla. Gastuaren gehiengoa zehazki, udal langileen soldatak dira batetik, 29,8M euro (+%3,96 2022arekin alderatuta). Eta bestetik, egungo udal bulego eta zerbitzuen mantenimendua, (%20 emendatu den argindar eta bestelakoen gastua barne) 32M eurokoa orotara, 2022an baino %17,20 gehiago.
Nolanahi ere, Irungo Udalaren egoera ekonomikoa osasuntsua dela argitu du Paezek. Izan ere, administrazio publikoen zorpetze-maila %75a artekoa baimendua den bitartean, Irungo Udalarena %20koa da une honetan. Azken urteetan, urteroko aurrezkiaren parte bat amortizaziora bideratu izan baitute. Hala, 2014ean udalaren zorra bizia 30M eurokoa zen bitartean, une honetan, 5M eurokoa da.
Akordioa eta negoziaketarako deia
Aurrekontuak onartzeko udal osoko bilkura abenduaren azkeneko astean egiteko asmoa du gobernuak. Eta udal talde politikoei aurkeztu dietenez geroztik, abenduaren 16 arte dute oposizioko taldeek euren zuzenketak aurkezteko. Nolanahi ere, Miguel Angel Paezk aitortu du udal gobernuaren aurrekontu proiektua dela, eta gehiengoa daukatenez onartu egingo dela. Halere, negoziaketek eman ditzaketenari begira dago: "Nire jarrera irekia da, pandemiaren agintaldi honetan eskertzekoa da akordioak lortzeko borondatea egon delako, eta hori da gure asmoa, adostasun mailarik altuena lortzea, eta ahal bada ahobatez onartzea". Zentzu horretan, udal hauteskundeetarako sei hilabete falta direnean eszenatoki politikoa aldatzen bada ere, hurrengo agintaldi osoaren oinarriak ezarriko dituen aurrekontua dela oroitarazi du. Eta beraz, "akordioak baldin badaude denok irabazten dugu, eta ez badaude denok galtzen dugu".