Udal hauteskundeetarako hautagai berriak aitortu duenez, espero ez zuen alderdiaren proposamena asko aztertu ondoren onartu du "erronka zaila baina polita delako". Etxebizitza eta mugikortasuna lehentasunetan, auzoetan indar bat egin nahi duela iragarri du, herritarrei "entzuteko eta beharrei erantzuteko prest".
Hondarribiko EAJ-PNVk 45 urteko Gonzalo Carrion Insausti 'Txalo' aurkeztu du gaur 2023ko udal hauteskundeetarako hautagaia. Atzo arratsaldeko 19:00etan ahobatez onartu zuten alderdiko kideek erabakia. 8 urteotan zinegotzi izan den Gonzalo Carrionek aitortu du ez zuela espero. "Sorpresa izan da niretzat, baina alderdiak proposatu egin dit, eta bizitza osoa daramat erronkei aurregiten, onartu egin dut erronka zaila baina polita delako", adierazi du.
Larraitz Gezala jelkideak hautagaia "pertsona hurbilekoa eta xumea" dela nabarmendu du, eta udala zein enpresa pribatuan duen eskarmentua goraipatu du. "Lidergo kontrastatua dauka, badaki pertsona bakoitzaren onena ateratzen helburu kolektibo baten alde", nabarmendu du. Eta "kirolari amorratua eta euskaldun peto-petoa" dela oroitarazi du.
Estilo berri bat
Gonzalo Carrionek bere burua eta asmoak aurkeztu aurretik, aldiz, Hondarribiko Uri Buru Batzarreko presidenteak, Xabier Zabalak gaur egun herriak bizi duen egoera sozio-politikoaren aurrean jeltzaleen ikuspuntua argitu nahi izan du. Hondarribiko EAJk fase berri bat abiatzen duela iragarri du, "herria garatzen jarraitzeko jauzi berri bat" emateko prest daudela. Eta horren irudiko, Portua auzoan, Matxingo Artzu kalean (Itsas Etxe parean) gaur bertan ateak zabaldu dituen 'Hondarribia eginez 2023-2027' lelopeko bulego berrian egin dute aurkezpena.
Estilo berri bat iragarri du, baina azken urteotako udalgintza giro nahasiaren haritik jarraitu du gero, eztabaida zaharretan. Oposizioari "populismoa egitea" leporatuta. Zabalak dioenez, "suari egurra botatzen" aritu dira agintaldi honetan gainerako udal talde politikoek, "herriaren alde modu eraikigarrian" aritu beharrean. Eta pandemia garai zailak bizi izan diren agintaldi honetan emandako baldintzak ez kontuan hartu izana leporatu die. EAJ alderdiak, aldiz, egoera aintzat hartuta, egungo udal gobernuari eskerrak eman nahi izan die egindako lanagatik, hitz emandako guztia bete egin ez dela aitortzearekin batera.