Euskaraldia abiatzear izeneman eta txapa jasotzeko azken deia luzatu dute Irunen

Antxeta Irratia 2022ko aza. 17a, 00:00

Izena emateko zein txapa jasotzeko azken aukera San Juan plazan izango da, ostiralean, 17:30etik 19:00etara, antolatutako lehen kultur ekimenaren atarian. 

Hirugarren edizio honetan Irungo Belarriprest potentzialak aktibatu nahi izan dituzte, baina inguruko herrietan bezala duela bi urteko zifrak nekez hobetu ahal izango dira Irunen ere. 2.200 partezhartzaile izan ziren orduan, horietatik 500 Belarriprest. Hala eta guztiz ere, txapa banatzeko hitzorduetan etengabea da jendearen joan-etorria egunotan, eta "pixkanaka kopuruak handitzen doaz, jendea nahasi xamarra badabil ere", dio Lide Rekondok, Irungo Euskaraldiko koordinatzaileak. Izan ere, izena eman ez duten pertsonak badira txaparen bila pasatzen direnen artean, edota 2020ean izena eman eta hura berretsi behar zutenik ez dakitenak ere.

Nolanahi ere, ostegun honetan izango da azken aukera Urdanibia plazako Udal Euskaltegian 19:00ak arte. Eta Euskaraldiaren abiatzearekin batera ostiralean San Juan plazan egingo den bertso-poteo ekimenaren aurretik ere, 17:30etik 19:00etara.

Kultur hitzorduak

Nolanahi ere, "garrantzitsuena txapak harrotasunez erakustea eta bi asteotako ariketa sozialaren baitan eraldatuko ditugun hizkuntza dinamikak, abenduaren 3tik aurrera ere mantentzea" dela nabarmendu du Rekondok. Anartean, kultur ekimen ugari proposatuko dituzte Euskaraldia eta Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan. Azaroaren 18an, 19:00etatik 20:30era, Bertso-pintxo ekimena egingo da, San Juan Plazatik Urdanibia Plazara, Sustrai Colina eta Amaia Iturriotz bertsolariekin. Kalez-kale abiatuko dute Euskaraldia, eta berdin borobilduko dute abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Egunean, Benta Zaharreko Mutiko Alaien emanaldiarekin, eguerdiko 12:00etan hasita, Urdanibia plazatik Luis Marianoraino. Tartean, zenbait antzezlan proposatuko dituzte. Azaroaren 24an, 19:00etan, 'Erik eta Win' Amaia Kultur Zentroan. Azaroaren 25ean, aldiz, 'Kantu Kolore: Peru kokodriloa' ikuskizuna izango da haurrentzat, 18:00etan, Amaia Kultur Zentroan. Eta abenduaren lehenean, 19:00etan, 'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlana.

Erlazionatuak