Gabonetako oporretan Bortzirietako herrietan Haur Txokoa zerbitzua paratuko du martxan Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak. Haurrek, euren denbora librean, solidaritatean eta berdintasunean oinarritzen den gune batean jostatzeko eta gozatzeko aukera izanen dute. Gainera, gurasoek euren seme-alaben heziketa lanarekin bateratzeko aukera ere emanen du zerbitzuak.
Gabonetarako Haur Txokoa jarriko du martxan Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak Bortzirietako herri guztietan. 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua egonen da eta abenduaren 23, 27, 28 eta 29 eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5 egunetan irekiko da, goizeko 10:00etatik 13:00ak bitarte. Arantzan eta Igantzin herri bakoitzeko eskolako gimnasioan emanen da zerbitzua, Beran Beralandetan, Etxalarren eskola zaharrean eta Lesakan komentuan.
Haur Txokoan parte hartzeko izena eman behar da eta www.igantzi.eus webgunean egin beharko da. Bertan eskuragarri dagoen formularioa bete beharko da eta berdintasuna@bortziriakberd.eus helbidera eta 722 69 30 78 whatsapp zenbakira bidali. Eskura ere entregatu ahalko da izen-ematea. Behin formularioa beteta, imprimatu eta Igantziko udaletxera eraman beharko da kasu honetan (udaletxeko beheko solairuan dagoen Berdintasun saileko bulegoan).
Zerbitzu honen prezio 20 eurokoa izanen da eta lehen egunean ordaindu beharko zaie Dindaiako monitoreei. Herri bakoitzean taldea lortzeko, gutxienez zortzi haurrek eman beharko dutela izena aipatu dute.